Gizartea
EMAKUNDE SARIA 2020
Askabidek prostituzioan diharduten emakumeen alde egindako lana aitortu du Emakundek
O. P. | EITB MEDIA
Askabide elkarteak Emakunde 2020 saria jaso du, prostituzioan diharduten edo baztertuta dauden emakumeen ahalduntzea sustatzen egindako lanagatik.
EAEn prostituzioan diharduten emakumeen eta gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen kolektiboaren normalizazioaren eta gizarteratzearen alde lan egiten duen irabazi-asmorik gabeko Askabide elkarteak Berdintasunerako Emakunde 2020 saria jaso du gaur Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen.
Miriam Santorcuato Askabide elkarte sarituko presidenteak talde osoaren izenean eskertu du saria, "gure lanarekin jarraitzeko pizgarria" dela onartu du eta elkarteak egiten duen "justizia sozialaren aldeko lanari" balioa ematea dakarrela.
Santorcuatok prostituzioan lan egiten duten pertsonak "ikusezin" izan ohi direla salatu du, eta sarri euren ametsak eta bizi-proiktuak "ezerezean" gelditzen direla.
Gainera gogoratu du kolektibo hau "bereziki zaurgarria" dela, "mota guztietako indarkeria" jasaten dutelako; izan ere, emakume hauek eraos fisikoak, umiliazioak eta eraso sexualak ere jasaten dituzte maiz.
Hala, adierazi du Askabide elkeatean "euren eskubideak bermatzeaz eta haiek, emakume nahiz pertsona gisa ikusgai egiteaz ardurartzen" direla. Saria eskaini die "beti lehen lerroan lanean" diren hirugarren sektoreko gainerako erakundeei, pandemia garaian "are nabarmenagoa" izan baita haien inplikazioa.
Era berea, Askabideko lantaldearen lana eta dedikazioa goraipatu ditu, "gizatasun maila ikaragarrizko emakume, profesional eta boluntarioen taldea da buru naizen eta ordezkatzen dudan hau"
Sari-banaketa ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du sari hau ez dela soilik Askabiderentzako, baizik eta bazterketa egoeran dauden pertsonei laguntzeko lanean diharduten elakrte eta erakunde sozialentzako ere. Lehendakariak nabarmendu du Askabide "prostituzioaren testuinguruko emakumeengandik gertu dagoela beti, haiei euren eskubide eta aukeren inguruko informazioa ematen, bakarrik ez daudela senti dezaten, eta euren bizi-proiektuen inguruan askatasun handiagoz erabakitzeko aukera emanez". Azpimarratu du Askabidek "inor atzean ez uzteko" herri-gisa dugun helburua "duintzen" duela.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabalek nabarmendu du oso garrantzitsua dela administrazio publikoek hirugarren sektoreko elkarte eta eragileekin batera lan egitea, eta aitortu du funtsezko zeregina betetzen dutela horiek: "Administraziook iritsi ezin garen lekura iristen zarete, eta zuen landa-lanarekin osatu egiten duzue administrazioetatik egiten den lana".
Artolazabalek Azken Sarea Indartzen programa azpimarratu nahi izan du; izan ere, pandemiaren ondorio gisa arazo larriei eurre egin beharrean aurkitu ziren emakumeei lagundu ahal izan zitzaien, Gizarte-Zerbitzuetako laguntzetara ezin baitzuten jo haietako asko eta askok.
Eusko Jaurlaritzak berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko gizarte baten alde lan egiteko konpromisoa duela berretsi du sailburuak.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eskerrak eman ditu elkarteak lan egiten duten emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko egin duen lanagatik, eta, besteak beste, "berdintasunetik eta aurreiritzirik gabe entzunak izateko gune bat eta emakume askorentzat heldulekua" delako. Lanaren ikuspegi indibiduala eta kolektiboa azpimarratu nahi izan du, "emakume bakoitzari bere errealitatean entzuten eta laguntzen diona, baina kolektiboaren errealitatea ezaugarritzen duen konplexutasuna ulertuta".