Gizartea
KORONABIRUSA
Birsorkuntza tasa 1,03ra jaitsi da EAEn, baina 147ra igo dira gaixo kritikoak
N. B. | EITB MEDIA
Euskadik 633 positibo berri atzeman ditu azken orduetan eta % 8,7ko positibotasuna lortu du. Intzidentzia metatuaren igoera moteldu egin da, baina 497 kasutan dago.
Covid-19aren oinarrizko birsorkuntza-tasa 1,03ra jaitsi da azken orduetan Euskadin, baina zainketa intentsiboen unitateetako presioa igo egin da, 642 gaixo ospitaleratu eta 147 gaixo kritiko baitaude. Bihar Donostiako eta Bizkaiko perimetroa itxiko dute, bilakaera txarragatik.
Pandemiak 633 kasu berri utzi ditu azken orduetan EAEn, hau da, aurreko egunean baino 142 gutxiago eta ostiralean baino 202 gutxiago, eta positibotasun tasa % 8,7 izan da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera.
Hala ere, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 497,66 kasura iritsi da; horrek esan nahi du igoera (+3,14) aurreko egunetakoa baino arinagoa izan dela.
Koronabirusaren ondorioz 60 pertsona ospitaleratu dituzte igandean, eta guztira 495 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 25 gehiago. Gainera, gaitza duten 147 pertsona zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan baino zazpi gehiago.
Gaitzaren birsorkuntza-tasa azken asteko beheranzko joerarekin jarraitzen du, eta 1 baino pixka bat gorago dago, 1,03an. Gipuzkoan soilik dago adierazle hori 1etik gora.
Zehazkiago, 7.524 test diagnostiko egin dira igandean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (4.451 PCR eta 2.803 test antigeniko), aurreko egunean baino 1.057 gutxiago, eta horien guztien artetik 253 aurkitu dituzte Bizkaian, 302 Gipuzkoan, 71 Araban eta zazpi EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.
Adin tarteka, 0-18 urtekoen taldean 137 kasu berri izan dira azken egunean eta intzidentzia-tasa 547,06 kasukoa da; 19-39 urtekoen taldean 152 positibo izan dira (590,98), 40-64 urtekoenean 257 (506,98), 65-79 urtekoenean 70 (402,17) eta 80 urtetik gorakoen artean 17 (271,06).
Asteartetik aurrera, Donostiak bat egingo du perimetroa itxita duten beste bi hiriburuekin eta Bizkaiak beste bi lurraldeekin, eta murrizketak izango dituzte, batez ere ostalaritzan, pandemiaren bilakaera txarragatik, bi astetan 400 kasu baino gehiago pilatu baitira 100.000 biztanleko.
Araba eta Gasteiz izan ziren, apirilaren 7an, egoera horretan egon ziren lehenak, eta gutxienez beste astebete mantenduko dute egoera hori, 437,9 eta 463,5 kasu zenbatu baitituzte, hurrenez hurren.
Hilaren 13an, Bilbo eta Gipuzkoa zerrendara batu ziren, eta apirilaren 27ra arte, gutxienez, egongo dira zerrendan, igande honetan 553,2 eta 635,7 kasuko tasa metatua erregistratu baitute.
Donostiak 480,8 kasuko intzidentzia izan du hamalau egunetan, eta Bizkaiak, 419,1 kasurekin, covid-19aren kutsatze-tasa handia duten beste bi hiriburu eta lurraldeekin bat egin du.
Euskadin, ikastetxe bakar batek ere ez du bere jarduera presentziala bertan behera utzi covid-19aren ondorioz. Hala ere, 34 gela daude itxita 27 ikastetxe eta institututan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko 17.554 eskola irekien % 0,19.
Bestalde, kutsatzeak egonkor mantendu dira azken orduetan Nafarroan, 140 kasu atzeman baitira, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.