Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

Bizkaiak gorrira egin du jauzi, Erandio, Leioa eta Trapagaran udalerriekin batera

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Horrenbestez, hiru lurraldeak daude gunerik latzenean. Barakaldo, Derio eta Markina-Xemein udalerri laranja dira, datuak okerrera egin ostean.

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa

OHARRA: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien egoera epidemiologikoari buruzko zerrenda hau egunero argitaratzen da, baina ez da perimetralki itxita egongo diren herrien eta hirien zerrenda. 400 kasuko intzidentzia-tasa metatua gainditu duten udalerriei buruzko ebazpena astelehenetan argitaratzen du Eusko Jaurlaritzak, eta neurri murriztaileak biharamunean sartzen dira indarrean.

Bizkaiko lurraldea eremu gorria da astelehen honetatik, covid-19ak Euskadin herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Lurraldearekin batera, hiru udalerri bizkaitarretan kaskartu da egoera: Erandio, Leioa eta Trapagaran.

Arabari dagokionez (437 kasu 100.000 biztanleko), gorrian jarraitzen du, baita Gasteizek, Amurriok eta Laudiok ere.

Horrenbestez, ez dago udalerririk bigarren mailan, laranjan. Agurainek kolore horiari eutsi dio, ordea.

Bizkaiak eremu gorrira egin du jauzi (100.000 biztanleko 419 kasurekin), eta bertan jarraitzen dute Berangok, Bilbok, Getxok, Ondarroak, Portugaletek eta Sestaok. Azken orduetan, gainera, Erandio, Leioa eta Trapagaran batu zaizkie aipatutako horiei.

Gune laranjan, honako hauek daude: Abadiño, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Derio, Durango, Ermua, Markina-Xemein, Muskiz, Santurtzi eta Zornotza ere zerrenda horretan daude.

Kolore horiari eutsi dioten udalerriei dagokionez, honakoak dira: Abanto, Balmaseda, Barakaldo, Bermeo, Derio, Elorrio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Gorliz, Gueñes, Lekeitio, Markina-Xemein, Mungia, Ortuella, Sopela eta Zalla. 

Ez dago udalerririk eremu berdean.

Gipuzkoa da lurralderik astinduena (635 kasu 100.000 biztanleko), eta udalerri gehienak (29) ditu gorrian: Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia, eta Zumarraga.

Eremu laranjan, berriz, Andoain, Bergara, Irun eta Usurbil daude.

Elgoibar da kolore horiari eusten dion bakarra Gipuzkoan.

Ez dago udalerririk eremu berdean.

Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.