Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Janssenen txertoari buruzko ondorioak lehenago ez plazaratzea deitoratu du Sagarduik

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Janssenen txertoek "Madrilgo biltegi batean" bost egun daramatzatela kritikatu du Osasun sailburuak. Konpainiak Europako banaketa atzeratu zuen, AEBn sei odolbildu kasu atzeman ostean.

  • Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Legebiltzarrean (artxiboko irudia)

    Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) Janssen etxeko txertoa jaso duten sei pertsonak odolbildua izan ostean banaketa gelditu dute, behin-behinean, Europan. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren esanetan, "desiragarria zatekeen Osasun Publikoaren Batzordeak edo Sendagaien Europako Agentziak (EMA) Janssenen txertoari buruzko iritzia iragan astean eman izan balute". Ildo horretan, Janssenen txertoek "Madrilgo biltegi batean" bost egun daramatzatela kritikatu du.

Onda Vascan egin dioten elkarrizketa batean Sagarduik aitortu duenez, "atsekabetuta" sentitzen da EMAk Jansseni buruzko iritzia "joan den ostegun edo ostiralerako" espero zelako, eta "Carolina Darias Osasun ministroaren hitzak entzunda" txertoa "aste honetan ere" heltzea espero zutelako.

Txertoen bidalketari lotuta, gaur Pfizerren 70.000 txerto eta bihar AstraZenecaren 16.200 inguru iritsiko direla aurreratu du. Hala ere, ez dira nahikoa, Sagarduiren esanetan.

Gotzone Sagarduik onartu duenez, pandemia Euskal Autonomia Erkidegoan izaten ari den bilakaera "kezkagarria" da, kutsatzeen joera "goranzkoa" baita. Gainera, ospitaleek "tentsionatuta" jarraitzen dutela ohartarazi du.

Sagarduiren hitzetan, ez dago joera aldatzen ari dela pentsatzeko arrazoirik. EAEko intzidentzia-tasa 495koa dela eta helburua 60tik azpikoa izatea dela gogoratu du.

Neurri murriztaile berriak aplikatuko ote diren galdetuta, egun indarrean daudenak "zorrotzak eta serioak" direla eta gakoa horiek betetzea dela nabarmendu du. "Pandemiaren hasieran baino hobeto prestatuta gaude, eta une honetan ez da konfinamendurik planteatzen, birusarekin elkarbizitzea baizik", azaldu du.

Osasun sistema "tentsionatuta" dagoela onartu ostean, sare publikoaren datuak eman ditu: "Gorakada berri horretan, ospitaleratzeak beste batzuetan baino ugariagoak izaten ari dira, eta ZIUetan oheen % 43 daude beteta; gaixo guztien % 53 baino gehiago covid-19a duten gaixoak dira". Hala ere, Sagarduiren arabera, "osasun arreta bermatuta dago Osakidetzan".

Zainketa Intentsiboetako Unitateei dagokienez, 335 ohe daude beteta eta guztira 600 presta daitezke. "Arreta bermatuta dago, baina egoera serioa da", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.