Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Pfizer txertoaren 1,7 milioi dosi jasoko ditu astean Espainiak, apirilaren 26tik

O. A. | EITB MEDIA

Pfizer etxearen 1,2 miloi dosi jaso ditu Espainiak eta horietatik 70.200 iritsi dira Euskal Autonomia Erkidegora.

1:01
Hernani, gaur goizean.

Datorren astelehenetik aurrera eta maiatzean zehar, Espainiak Pfizer etxearen 1,7 milioi dosi jasoko ditu astean, Carolina Darias Osasun ministroak gaur iragarri duenez.

Koronabirusaren aurkako Pfizer etxearen txerto sorta berria jaso du gaur Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE). Guztira, 70.200 dosi. Espainiako Estatuari guztira 1,2 milioi dosi dagozkio.

Aurreikuspenen arabera, 1,8 milioi dosi jasoko ditu Espainiako Estatuak aste honetan: 1,2 miloi Pfizer etxearenak, 300.000 Modernarenak eta 280.000 AstraZenecarenak.

AstraZenecari dagokionez, oraindik ikusteko dago zer gertatuko den jada lehen dosia jaso duten 60 urtez azpikoekin. Hiru aukera daude mahai gainean: bigarren dosia ez ematea, AstraZeneca ez den beste txerto bat jartzea edo AstraZeneca txertatzea.

Gaur-gaurkoz, 800.000 txerto jarri dituzte Hego Euskal Herrian, eta 575.000 herritarrek jaso dute gutxienez dosi bat; hau da, herritar guztien ia % 20.

Sendagaien Europako Agentziak asteartean jakinaraziko ditu Janssen etxearen txertoaren eta odolbilduen inguruko ondorioak, eta horren zain daude agintariak, txertaketa prozesua azkartu ahal izateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.