Gizartea
EMAKUNDE SARIA
Gaur jasoko du Askabide elkarteak Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde saria
EITB Media
11:00etan izango da ekitaldia, Lehendakaritzan, eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahalko da. Prostituzioan diharduten eta bazterketa bizi duten emakumeekin egiten duten lana sarituko dute.
Gaur jasoko du Askabide elkarteak Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde saria. EAEn prostituzioan aritzen diren eta gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen kolektiboaren normalizazioaren eta gizarteratzearen alde lan egiten du irabazi-asmorik gabeko erakundeak, eta esparru horretan egindako lana eskertuko diote 11:00etan Lehendakaritzan egingo den ekitaldian. Zeremonia eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahalko da.
Prostituzioaren eta gizarte-bazterketaren testuinguruan emakumeek jasaten dituzten indarkeria-adierazpenei urgentziazko erantzuna ematea eta sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren arloan egiten duen lana goraipatu nahi du Emakundek sari honekin. Errekonozimendu honen bidez, 35 urtez prostituzioaren esparruan egindako lanari balioa eman nahi zaio, eta, horrez gain, emakumeen kolektibo horren diskriminazio- eta zaurgarritasun-egoera ikusarazi nahi da gizartean. Aitortza hori prostituzio-testuinguruetan lan egiten duten beste erakundeei ere zabaldu nahi diete antolatzaileek.
Askabidek emakumeen ikusgarritasunaren inguruan gizartea sentsibilizatzen eta zuzenean esku hartzen egiten du lan. Ematen dituzten zerbitzuen artean, emakume prostitutek etengabe pairatzen duten indarkeriaren prebentzioa eta emakumeek aukera eta adierazpen-askatasun gehiago izateko ahalduntzea eta gaitzea daude.
2020ko saritua Askabide izango zela jakinarazi zen prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi zuen Askabide bezalako elkarteek "funtsezko eginkizuna" betetzen dutela gure gizartean; gainera, "askotan administrazioak iritsi ezin garen lekuetara iristen dira, eremua ezagutzen baitute, eta, horrela, erakundeetatik egoera ahulenean dauden pertsonekin egiten dugun lana osatzen dute".
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu zuen 35 urte baino gehiagoko ekarpenari ematen zaiola saria, "emakume bakoitzaren nortasunaren eta bizi-esperientzien dimentsio indibidualetik eta dimentsio soziokomunitario batetik heldu baitio prostituzioari; bide horretan, konplexutasun horri guztiari erantzuten saiatzen diren estrategia malguak diseinatu ditu Askabidek".