Gizartea
KORONABIRUSA
Covid kasu berriak 775era jaitsi dira EAEn, baina positibitatea %9,3ra igo da
EITB MEDIA
Ospitaleratze berrien kopuruak altua izaten jarraitzen du, 80, eta 140 pertsona daude egoera kritikoan une honetan.
-
Osasun langileak ZIU batean. Argazkia: EFE.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 775 koronabirus kutsatze berri diagnostikatu ditu larunbat honetan EAEn, hau da, aurreko egunean baino 60 gutxiago, baina positibotasun tasa dezente igo da, % 8tik %9,1era, proba diagnostiko gutxiago egin baitira. Zainketa intentsiboetako unitateetako presioak antzera jarraitzen du: 140 lagun daude une honetan, aurreko egunean baino bat gutxiago, eta 80 pertsona ospitalizatu behar izan dituzte, aurreko eguneko 97ekin alderatuta.
Osasun Sailak igande honetan emandako datuen arabera, atzo 8.311 proba diagnostiko egin zituzten, aurreko egunean egindako 10.401k baino gutxiago, eta horietatik 775ek positibo eman zuten. Horrela, egindako probei dagokienez, positibotasun-tasa % 9,3koa izan da. Oso maila kezkagarrian jarraitzen du, % 5etik gora transmisioa komunitarioa dela esan nahi baitu.
Lurraldeka, 323 kasu positibo atzeman dituzte Bizkaian (ostiralean baino 27 gutxiago), 346 Gipuzkoan (5 gutxiago) eta 92 Araban (25 gutxiago). Gainera, 9 positibo izan dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean, aurreko egunean 17 izan ziren bitartean.
Udalerrietako informazioa, RO indizea eta 14 egunetako intzidentzia metatuaren tasa ez da bihar arte ezagutuko.
Kutsatzeen beheranzko joerari eusten dio Nafarroak, 139 covid-19 kasu berrirekin
139 covid-19 kasu berri atzeman ziren, atzo, Nafarroan, bezperan baino 11 gutxiago. Datu horrek baieztatu egiten du Foru Erkidegoan kutsatzeetan ematen ari den beheranzko joera.
Foru Gobernuko Osasun Publikoko Institutuak zabaldutako behin behineko datuen arabera, larunbatean 2.565 proba egin ziren (PCR eta antigeno testak), eta horietatik % 5,4k eman zuten positibo.