Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

PCR proba egitera deitu dituzte Itziarko Urberu sagardotegiko bezeroak

EITB MEDIA

Baheketa masiboa egingo du Osakidetzak Urberu sagardotegian martxoaren 31tik aurrera egon diren bezero guztien artean. Eibar Ospitalean egingo zaie PCR proba, bihar.

  • Eibar Ospitalea.

    Eibar Ospitalean egingo dira PCR probak. Argazkia: EITB Media.

Itziarko Urberu sagardotegian azken hamazortzi egunotan egon diren bezeroak PCR proba egitera deitu ditu Osakidetzak.

Gaur zabaldutako ohar batean, Osasun Sailak jakinarazi du hitzordua gaur eskatu behar dutela, 08:30etik aurrera, ondorengo telefonoetako batera deituta: 943 03 26 44 edota 900 20 30 50 (Osasun Kontseilua). Probak bihar egingo zaizkie, Eibar Ospitalean.

Hain zuzen, 15:00etatik 21:00etarako tartean egingo dira PCR probak, eta, ohi bezala, emaitza SMS bidez jakinaraziko zaie herritarrei.

Osasun Sailak koronabirusaren kutsatzeak geldiarazteko "zaintza eta kontrol-lanen barruan" kokatu du baheketa hau, eta herritarrei "lankidetza" eskatu die.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 835 koronabirus kutsatze berri diagnostikatu zituen herenegun EAEn, hau da, aurreko egunean baino 81 gutxiago, eta positibo tasa ere puntu bat baino gehiago jaitsi da, % 8ra arte; gainera, proba diagnostiko gehiago egin dira. Hala ere, zainketa intentsiboetako unitateetako presioa igo egin da: 141 lagun daude une honetan, aurreko egunean baino bederatzi gehiago, eta 97 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, aurreko eguneko 67ekin alderatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.