Gizartea
KORONABIRUSA
Arbizu, Alesbes eta Etxarri Aranazko gazteak, baheketa batean parte hartzera deituta
EITB MEDIA
Azken 10 egunotan PCR edo antigeno testa egin dutenek ez dute baheketan parte hartu behar, ez eta azken hiru hilabeteotan covid-19 gaitza izan dutenek ere.
-
Baheketaren kartela, Etxarri Aranatzen. Argazkia: EITB Media.
Covid-19 kasuen etengabeko gorakada geldiarazi eta kutsatze-kateak eteteko, baheketa masiboa egingo dute Arbizu, Alesbes eta Etxarri Aranazko 15 eta 29 urteko gazteen artean. Egoeraren larritasuna dela eta, Nafarroako Foru Gobernuak baheketan parte hartzeko deia egin die adin tarte horretako herritar guztiei.
Batetik, Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoia egokituko dute, eta bertara joango beharko dute herri horretako eta Arbizuko gazteek, 09:00etatik 19:00etarako tartean. Denera, 508 herritar daude deituta bi udalerriotan, koronabirusa atzemateko testa egitera.
Alesbesen, berriz, udal kiroldegian egingo dituzte probak, 09:00etatik 15:00etara, eta 400 bat gazte daude deituta toki horretan.
Azken 10 egunotan PCR edo antigeno testa egin dutenek ez dute baheketan parte hartu behar, ez eta azken hiru hilabeteotan covid-19 gaitza izan dutenek ere.
Halaber, konfinatuta dauden pertsonak ere ez daude baheketan parte hartzera deituta. Koronabirusarekin zerikusia izan dezaken edozein sintoma izanez gero, lehenbailehen dagokien osasun-zentroarekin harremanetan jartzeko deia egin die, berriro, Foru Gobernuak herritarrei.