Gizartea
Euro2020
"Bilbok gaur Eurokopako egoitza" izaten jarraitzen duela aldarrikatu du Udalak
EiTB Media | Agentziak
"UEFAk ez du kontrakoa esan", ziurtatu du Bizkaiko hiriburuko Udalak.
-
San Mames. Argazkia: EFE
Amaia Arregi Herritarren Segurtasunerako zinegotziak adierazi duenez, “gaur, apirilak 16, Bilbok Eurokopako egoitza izaten jarraitzen du”. “UEFAk ez du kontrakoa esan”, erantsi du zinegotziak. “Egunero, 2014an sinatutako kontratuarekin zintzo”, Europako futbol erakundearekin elkarlanean jarraitzen dutela azaldu du.
Prentsaurrekoan, Espainiako Futbol Federazioak Udalarekin “harremanetan jarri ez” dela ziurtatu du Arregik, eta Udalak “astebete baino gehiago darama erakundearekin kontakturik izan gabe”.
Balizko beste egoitza baten berri eman dute zenbait komunikabidek ostiral honetan. Kontratuak “ez du beste egoitza baten aukeraz hitz egiten, inondik inora”, ziurtatu duenez.
Hala ere, 12 egoitza ofizialetatik baten batek kale egiten baldin bazuen, bi hiri ezarri zituztela onartu du Arregik. UEFAk ofizialki erabakiaren berri eman arte itxaron behar dutela uste du zinegotziak, baina “gaur euskal erakunde guztiek lanean jarraitzen dute, Bilbo Eurokopako egoitza izateko”.
Arregiren esanetan, lana “gure estiloarekin” egiten ari dira, hau da, “seriotasun, erantzukizun eta koherentziarekin”.
Zentzu horretan, “herritarrei behin eta berriro” eskatzen zaien erantzukizun berarekin lan egiten dute EAEko erakundeek, “jakina, osasun egoera larria ahaztu gabe”, azpimarratu du. Beraz, osasun arduradunek ezarritako neurriak beti bete beharko dituzte, gaineratu duenez.
Federazioa beste egoitza batzuk begiratzen aritu izanaz eta orain Sevillaz hitz egiten ari direla eta, zinegotziak esan du “beste hiri batzuekin hitz egin badute, haiek” erantzun beharko dutela. Gainera, Federazioak Bilboko Udalarekin astebete hitz egin gabe daramala azaldu du.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ereberretsi du Bilbok 2020ko Eurokopako egoitza izaten jarraitzen duela, baina badirudiela UEFAk nahiago duela babesleekin lotutako interes “ekonomikoak salbatu”, eta horretarako “publikoa bai edo bai” behar dela.
Hizkuntza Politikako eta Kulturako sailburu ere badenak erantzun horixe eman dio Carmelo Barrio PP+Cs-en legebiltzarkideari, horrek Eurokopa Bilbora eramateko “interes falta” leporatu ostean.
Javier Merino PPren diputatuak EAJri eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die Bilbo datorren Eurokopako egoitza ez izateko ustez “inposatutako baldintza politikoak” kentzeko.
Bilbon egindako adierazpen batzuetan, PPren Kongresuko kiroletako bozeramaileak esan du EAJk eta Jaurlaritzak, “PSOEren isiltasun konplizearekin”, "Eurokopa ez etortzeko baldintzak” jarri dituztela, “Espainiako selekzioa San Mamesen ez ikusteko”.
San Mames estadioaren ondoan egindako agerraldi horretan Raquel Gonzalez PPren Bizkaiko presidenteak ere hitz egin du, eta Urkulluri eskatu dio “ahal duen guztia” egin dezala “Eurokopa Bilbon gera dadin”, lehendakariak ezin duelako “ideologia hiri honen beharren aurretik jarri”.