Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

Donostia sartuta, EAEko hiru hiriburuak daude gorrian

E. G. | EITB MEDIA

Horrez gain, Laudion (Araba), Berangon (Bizkaia) eta Azpeitian eta Deban (Gipuzkoa) okerrera egin dute datuek, eta eremu astinduenean daude. Bizkaia bera ere gune gorriaren atarian dago.

1:26
Egoera oso kezkagarria da Gipuzkoan
OHARRA: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien egoera epidemiologikoari buruzko zerrenda hau egunero argitaratzen da, baina ez da perimetralki itxita egongo diren herrien eta hirien zerrenda. 400 kasuko intzidentzia-tasa metatua gainditu duten udalerriei buruzko ebazpena astelehenetan argitaratzen du Eusko Jaurlaritzak, eta neurri murriztaileak biharamunean sartzen dira indarrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuak gune astinduenean daude jada, gaur sartu baita bertan Donostia, covid-19ak Euskadin herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Horrez gain, Laudio, Berango, Deba eta Azpeitia ere eremu gorrian daude.

Arabaren kasuan, gorrian jarraitzen du, baita Gasteizek eta Amurriok ere. Azken orduetan, gainera, Laudio batu zaie.

Horrenbestez, ez dago udalerririk bigarren mailan, laranjan. Agurainek kolore horiari eutsi dio, ordea.

Bizkaian, eremu gorrian jarraitzen dute Bilbok, Getxok, Ondarroak, Portugaletek eta Sestaok, baina Berango gaineratu behar zaie.

Gune laranjan, Abadiño, Elorrio, Ermua, Leioa eta Trapagaran sartu dira azken orduetan. Arrigorriaga, Basauri, Durango, Erandio, Muskiz, Santurtzi eta Zornotza ere zerrenda horretan daude. Bizkaiak berak ere laranjan jarraitzen du, baina gorritik oso gertu (395 kasu 100.000 biztanleko).

Horian hauek daude: Abanto, Balmaseda, Barakaldo, Bermeo, Derio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Gorliz, Gueñes, Lekeitio, Markina-Xemein, Mungia, Ortuella, Sopela eta Zalla. 

Ez dago udalerririk eremu berdean.

Gipuzkoa da lurralderik astinduena, eta hiriburua ere, Donostia, bertan sartu da azken orduetan, baita Azpeitia eta Deba ere. Guztira, 29 udalerri daude gune gorrian: Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia, eta Zumarraga.

Eremu laranjan, berriz, Andoain, Bergara, Irun eta Usurbil daude.

Elgoibar da kolore horiari eusten dion bakarra Gipuzkoan.

Ez dago udalerririk eremu berdean.

Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.