Gizartea
KORONABIRUSA
203 positibo berri atzeman dituzte Nafarroan
E. G. | EITB MEDIA
192 pertsona daude covid-19ak jota (atzo baino bederatzi gutxiago) ospitaleetan, horietako 41 ZIUn (atzo baino bat gehiago).
-
Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ZIU bat. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroan 203 kutsatze atzeman dituzte azken orduetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Zehazki, atzo 2.757 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 203 gehiago), eta horien % 7,4k eman zuten positibo.
Bestalde, 192 paziente zeuden atzo covid-19ak jota Foru Erkidegoko ospitaleetan, herenegun baino bederatzi gutxiago. Atzo zazpi ospitaleratze bideratu zituzten koronabirusagatik, horietako hiru ZIUn, eta hiru heriotza izan ziren: 81 urteko gizon bat eta 78 eta 85 urteko bi emakume. Guztira, gaixotasunak ofizialki 1.145 pertsona hil ditu Nafarroan.
Kutsatu berriei dagokionez, zonaldeka, Iruñean eta Iruñerrian positiboen % 48 zenbatu zituzten, Tuteran % 14 eta Lizarran % 8. Gainerako positiboak (% 30) Nafarroako beste eskualdeetan baieztatu zituzten.
Osasunbideak jakitera eman duenez, 192 pertsona daude covid-19ak jota (atzo baino bederatzi gutxiago) ospitaleetan, horietako 41 ZIUn (atzo baino bat gehiago), eta beste 18 etxean ospitaleraturik daude (atzo baino bat gutxiago). Gainerako 133 pazienteak ospitaleetako logeletan daude (atzo baino bederatzi gutxiago).
Pandemia hasi zenetik ofizialki 57.343 kasu baieztatu dituzte Nafarroan.
Txertaketa
Asteburuan txertaketa prozesuarekin aurrera jarraituko dute Foru Erkidegoan. Iruñean eta Iruñerrian bi tokitan emango dute txertoa larunbatean eta igandean: UPNAko kiroldegian eta Maristak ikastetxe zaharrean. Asteburuan, 6.500 pertsonari (4.654 larunbatean eta 1.843 igandean) hitzordua emango diete, 8:30etik 21:10era txertatzeko.
Tuterako Osasun Eremuan etxeetan txertatzeko asmoa dute asteburuan. Konkretuki, profesionalak 80 urtez gorako 54 pertsonaren etxeetara joango dira.
Azkenik, Lizarrako Osasun Eremuan, 60-65 adin tartea txertatzen jarraituko dute, Garcia Orkoien Ospitaleko bigarren solairuan, goiz zein arratsaldeko ordutegian. Asteburu honetan 1.000 pertsona inguru deituko dituzte.
Atzo 5.259 dosi eman zituzten. Guztira, 177.702 txerto jaso dituzte nafarrek, Foru Erkidegora heldu diren 196.705 dosietatik. 54.378k txertoaren bi dosiak jaso dituzte dagoeneko.
Baheketa Etxarri Aranatz, Alesbes eta Arbizun
Etxarri Aranatzen eta Alesbesen baheketak egingo dituzte larunbatean. 15 eta 29 urte bitarteko herritarrak deitu dituzte. Etxarri Aranatzen, Arbizuko adin tarte bereko biztanleei ere baheketa egingo zaie.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bestalde, 916 kasu berri atzeman dituzte, eta 14 eguneko intzidentzia tasa metatuak gora egiten jarraitzen du (100.000 biztanleko 466 kasutan dago). Halaber, kezkatzekoa da ospitaleetako egoera, 67 pertsona erietxera eraman behar izan baitituzte eta 132 gaixo baitaude egoera kritikoan (ZIU geletan).