Gizartea
euskara
BECek Lehen Hezkuntzako ikasleen artean euskara bultzatzeko udalekuak eskainiko ditu
eitb media
Ikusika udalekuak uztailaren 5etik 16ra egingo dituzte eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako barakaldar ikasleei egongo dira zuzenduta.
-
Ikusika udalekuen aurkezpena. Argazkia: Ikusika
Bilbao Exhibition Centrek (BEC) Ikusika udalekuak hartuko ditu uztailaren 5etik 16ra, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako barakaldar ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Sormena bultzatzen duten ekintzen bitartez egingo dute hori, irrati-tailer eta bideojoko bidez, besteak beste.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Amaia del Campo Barakaldoko alkateak aurkeztu dute proiektua. Esperientzia pilotu gisa abiatuko da, eta baliteke datozen urteetan beste udalerrietara zabaltzea.
Zupiriak azpimarratu duenez, "Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna izan da ikastetxeak ikasturte osoan zehar zabalik mantentzea", ikaskuntza presentziala bermatzeko, eta "orain udako oporretan ere pentsatzen hasteko garaia da".
Sailburuaren hitzetan, Urtxintxa elkarteak antolatutako udalekuek "ezin hobeto beteko dute haurrei aisialdi-giro eta inguru euskaldun aproposak emateko helburua". Gainera, BECek"beharrezko osasun-neurriak aplika ditzake".
Maite Asensio Urtxintxaren arduradunak ere azpimarratu du BECen hartutako espazioak zein bertan garatutako ekintzek osasun neurriak betetzea ahalbidetuko dutela.
Abagunea euskararentzat
Sailburuaren arabera, Barakaldoko 12 urtetik beherako bost umetik lau euskaldunak dira, baina, familia inguruan, etxeen % 5ean baino ez da erabiltzen euskara. Hori dela eta, udaleku hauek garrantzitsuak direla esan du.
Zupiriaren esanetan, haurrek "euskararen unibertso ludiko, jostari eta dibertigarria" esploratzeko abagunea izango dute, eta, era berean, "familiek lana eta eginbeharrak uztartzen jarraitu ahal izango dute, haien seme-alabak elkartu eta ekintza ludiko eta kultural hauetaz gozatzen duten bitartean".
Bestalde, Del Campok azpimarratu du ekimen honek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak gonbidatzen dituela "euskara esparru guztietan erabiltzera, daukaten maila daukatela, euskara guztiak baitira politak".