Gizartea
KORONABIRUSA
Ibuprofenoa, parazetamola, aspirina... Sendagai guztiek dituzte albo-ondorioak
A. S. | EITB MEDIA
Espainiako Tronbosi Elkarteak nabarmendu du ez dagoela 0 arriskurik sendagai bat hartzerako unean, eta beste farmako batzuek AstraZenecak baino albo-ondorio larri gehiago dituztela azpimarratu du.
-
Sendagai guztiek dituzte albo-ondorioak. Artxoko irudia: EiTB Media
Astrazenecaren edo Janssenen txertoarekin lotuta egon daitezkeen albo-ondorio larriek, hala nola txertoa jarri ondoren pertsona batzuek jasandako tronbosiak, nahasmena eta kezka sortu dute herritarrengan. Adituen esanetan, ordea, onurak arriskuak baino handiagoak dira.
Sendagai guztiek, baita ohikoenek ere, hala nola ibuprofenoak, parazetamolak, aspirinak edo antisorgailuak berak ere, albo-ondorioak dituzte. Botika batek 0 arrisku izatea litzateke egokiena, baina "ez da existitzen. Sendagai guztiek dituzte ondorio kaltegarriak", adierazi du Tronbosiaren Espainiako Elkarteak.
AstraZenecaren txertoa hartu ostean odolbildu arraroak izateko arriskua immunizatutako 250.000 pertsonako kasu batekoa da, eta Janssenen kasuan, probabilitatea are txikiagoa da, milioi bat pertsonako kasu batekoa baita. Adituek uste dute arriskua txikia dela.
Ivan Espada Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiko kideak azpimarratu duenez, antisorgailua hartu duten 10.000 emakumetik 3k izan ditzake odolbilduak.
Rafael Bengoa osasun adituak gaineratu du tronbo arriskua ere badagoela, adibidez, hegazkin batera igotzen denean.
Espainiako Tronbosi Elkartearen arabera, covidarekin ospitaleratzen diren gaixoen % 15-20k tronbosia izaten dute, eta ZIUn, % 30-40 inguruk.
AstraZenecaren txertoa hartu eta tronbosia izan duten gehienak emakumezkoak dira, 60 urtetik beherako, eta gaur gaurkoz ez dakite horren zergatia. Dena den, guztiek diote onurak arriskuak baino handiagoak direla.
Ibuprofenoa, parazetamola, aspirina...
Ibuprofenoa eta parazetamola ohikoak dira gure egunerokoan, baina AstraZenecaren txertoak baino albo-ondorio larriagoak eta sarriagoak eragin ditzakete. "4 gramotik gora hartuz gero, gibelean eragin larriak izateko arriskua dago eta 10etik aurrera heriotza eragin dezake", gaineratu du Espadak.
Eta ez dira bakarrak. Nolotilak ere 10.000 pertsonatik bati heriotza eragin lezake; aspirina etengabe erabiltzeak bat-bateko garuneko kalte eragin dezake 1.000 pertsonatik 10etan; eta omeprazolak, aurretik aipatutako agranulo-zitosiaz gain, giltzurruneko arazo larriak eragin ditzake 1.000tik batean.
Espadak gogoratu duenez, sendagai guztiek dituzte ondorio kaltegarriak. "Baina horrek ez du esan nahi hartu behar ez ditugunik, baizik eta arriskua-onura baloratu behar dela eta beti medikuak gainbegiratuta".
Albo-ondorioek eragindako heriotzei garrantzia kendu behar ez bazaie ere, Astrazenecaren kasuan onura arriskua baino askoz handiagoa dela dio adituak. Hori dela eta, lasaitasun mezua bidali nahi izan die herritarrei.
BIDEOA: Txertoek antisorgailuek baino tronbosi arrisku txikiagoa dutela azaldu digute adituek