Itxi

Gizartea

ATHLETICEN KOPAKO FINALA

Athleticen finalaren atarian arduraz jokatzeko eskatu du Segurtasun Sailak

O.P. | EITB MEDIA

Osasun-arauak betetzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzak. Ertzaintza eta Udaltzaingoek Athleticen Sevillaranzko irteerarako eta finalaren egunerako neurri bereziak hartuko dituzte.

  • Zaleak Athleticen autobus aurrean pilatuta taldea Sevillara abiatu zenean, apirilaren 1ean.

    Zaleak Athleticen autobus aurrean pilatuta, Sevillara abiatu zirenean, apirilaren 1ean. Irudia: EFE

Eusko Jaurlaritzak kontzientziazio-kanpaina bat jarri du abian, herritarrak "ardutsu" jokatzeko eta osasun-araudiak bete ditzaten eskatzeko, Athleticek larunbat honetan Sevillan Bartzelonaren aurka jokatuko duen Errege Kopako finala dela eta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu du helburua dela herritarrei "arduratsu" jokatzeko beharra dagoela esatea eta pandemiari aurre egiteko osasun neurriak errespetatzea "pertsona ororen betebeharra" dela gogoraraztea.

Kontzientziazio-kanpainaz gainera, Segurtasun Sailak segurtasun-dispositibo berezi bat iragarri du, eta neurri bereziak ezarriko ditu taldea Sevillara abiatzen denerako, ez daitezen errepika apirilaren 1ean gertatu ziren pilaketak. Orduan ez bezala, Athletic taldeak ez du bidai-plana iragarri, hain zuzen ere jendea ez dadin irteera horretara joan.

Hala, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek filtroak ezarriko dituzte eta errepideak itxi; gainera, sarbide batzuetan kontrolak ere jarriko ditu jende asko elkartzea eragozteko. Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateak lagunduko dio taldeari aireporturaino, auto edo motor ilararik sor ez dadin.

Segurtasun Sailak dei egin die zaleei ez gerturatzeko Athleticen Lezamako instalazioetara, ezta Aireportura ere. Era berean, dei egin dute osasun-araudiak errespetatzeko, eta esku-hartze zorrotzak iragarri dituzte arau-hausteak egiten dituztenentzat. Gogorarazi du, gainera, kontuan izan behar dela udalerri batzuk, Bilbo bera besteak beste, itxita daudela perimetralki.

Asier Erkoreka Euskadiko Udaltzaingoko Buruen Elkarteko (EUBE-AJEPLE) presidenteak gaur goizean Radio Euskadiko Boulevarden esan duenez, Udaltzaingoa "atsekabetuta" dago aurreko finalaren atarian agertutako arduragabekeria indibidualagatik, eta azpimarratu du dispositiboak "ondo ateratzen" direla "herritarrak egoeraren jabe direnean".

Josu Bujanda Ertzaintzako burua Egun On Euskadi programan elkarrizketatu dute eta adierazi du, Ertzaintzak egin dezakeenaz aparte, garrantzitsuena "herritarrek egin dezaketena" dela, eta arduraz jokatzeko deia egin du. Gaurtik izango da Ertzaintza Lezaman jende pilaketak saihesteko zereginean. Gaineratu duenez, Bilbon oinezko patrullak ohi baino ugariagoak izango dira partida egunean, pilaketak saihestu eta jendeak osasun neurriak betetzen dituela ziurtatzeko, baina ez da kale-mozketarik aurreikusten.

6:8