Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Kutsatzeek behera egin dute Nafarroan, 188 kasu atzeman baitituzte

E. G. | EITB MEDIA

Bezperan baino 25 positibo gutxiago dira, eta duela astebete baino 34 gutxiago.

  • Nafarroako Ospitale Publikoko larrialdiak.

    Nafarroako Ospitale Publikoko larrialdiak. Artxiboko argazkia: EFE

Nafarroak 188 positibo berri atzeman ditu azken orduetan, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Zehatz esanda, 2.554 proba diagnostiko egin dituzte (aurreko egunean baino 101 gutxiago), eta horietatik % 7,4 izan dira positiboak. Positibo tasak ere apur bat behera egin du (% 8,1ean zegoen aurreko egunean).

Bezperarekin alderatuta, 25 kasu gutxiago dira, eta duela zazpi egun baino 34 gutxiago. Hala ere, duela bi aste baino 24 gehiago dira (dena dela, aipatzekoa da apirilaren 1a jaieguna izan zela, eta halakoetan positibo gutxiago zenbatu ohi direla).

Gune edo herri astinduei dagokienez, Huarten 10 kutsatze atzeman dituzte eta bederatzi Iruñeko Arrotxapea auzoan. Iruñeko Donibanen eta Burlatan zortzina kasu zenbatu dituzte, eta zazpina, Barañainen eta Irurtzunen.

Covid-19arekin ospitaleratutakoei begira, Osasunbideak jakinarazi du 201 pertsona daudela ospitaleratuta: 40 ZIUn (bezperan baino bi gehiago), 19 etxean (bi gehiago) eta 142 gela arruntetan (bost gutxiago).

Hain justu, azken egunetan izandako kasu kopuru altua dela eta, Nafarroako lau herri txiki (Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes) perimetralki itxita daude gauerditik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.