Gizartea
ABUSUAK
Biktimak 35 urte betetakoan hasiko dira adingabeen aurkako abusuak preskribatzen
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Orain arte, adingabeak 18 urte betetzen zituenean hasten zen kontatzen preskribatzeko epea. Diputatuen Kongresuak ostegun honetan onartuko du adingabeak babesteko legea.
-
Diputatuen Kongresuak onartu du haurrak babesteko legea. Argazkia: EFE
Kongresuak haur eta nerabeak babesteko lege organikoaren proiektua onartu du gaur, osteguna, eta ondorioz, biktimak 35 urte betetzen dituenean hasiko da adingabeen abusuen delituak preskribatzeko epea. Gainera, gurasoen alienazio-sindromea ezeztatuko du, 14 urtera arte frogak berrerabiltzera behartuko du, berriro biktimizatzea saihesteko, eta herritarrak haurren aurkako indarkeria oro salatzera behartuko ditu.
Alderdiek aurkeztutako 600 zuzenketetatik 200 bat onartu dituzte, eta Kongresuak PSOEren, Unidas Podemosen, PPren, Ciudadanosen, ERCren eta BNGren aldeko botoekin onartu du testua. Voxek eta EAJk aurka bozkatu dute, eta EH Bildu eta PDeCAT abstenitu egin dira. Guztira, aldeko 268 boto, kontrako 57 eta 16 abstentzio jaso ditu.
Kongresuko bozketaren eta onarpenaren ostean, orain lege-proiektuaren izapideak Senatuan jarraituko du.
Testuari egindako azken aldaketetako batekin, sexu-gehiegikerien preskripziorako epea luzatuko da. Hala, biktimak 35 urte dituen unetik hasiko da zenbaketa.
35 urterekin hasiko da epea
Hasiera batean 18 urtetik 30era igo behar zuten biktimaren adina, baina orain 35 urteraino atzeratzea erabaki dute, PSOEk, PPk, Unidas Podemosek, Ciudadanosek, EH Bilduk, Mas Paisek eta BNGk asteazken honetan lortutako akordio baten ondorioz.
Uneotan, adingabeen aurkako sexu-gehiegikerien preskripziorako epea biktimak 18 urte betetzen dituenean hasten da, eta delitua 5-15 urtera preskribitzen da, larritasunaren arabera.
Legeari egindako aldaketen artean dago, era berean, gurasoen alienazio-sindromea kentzea; izan ere, gurasoetako batzuek bikotekide ohiari seme edo alaba manipulatu eta beraien kontra jartzea egozten zioten.
Berriro biktimizatzea galaraztea
Gainera, grabatutako lekukotza berrerabili beharko da biktimak 14 urte bete arte, berriro biktimizatzea galarazteko.
2020an Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen testuan, Pablo Iglesiasek 'ley Rhodes' deitu ziona (haur zela sexu-abusuak jasan zituen piano-jotzailearengatik), homizidioagatik edo tratu txarrengatik guraso-agintea kentzea ere jasotzen da.
Bestalde, legeak herritar guztiak behartzen ditu adingabeen aurkako indarkeria zantzu oro jakinaraztera eta eskola guztietan 'ongizate- eta babes-koordinatzaile' figura egotera. Bullyingaren eta kolektibo zaurgarrien aurkako abusuak ere jasotzen ditu.
Eskumenak gainjartzea
Kongresuko bozketan EH Bildu eta PDeCAT abstenitu egin dira, eta iragarri dute "sentimendu garratzarekin" egin dutela, "eskumen-gatazka" bat dagoelako legearen atzean, Mertxe Aizpuruak eta Sergi Miquel i Valenti diputatuek adierazi dutenez.
Arrazoi beragatik, Iñigo Barandiaran EAJren diputatuak iragarri du kontra bozkatuko zuela, "bihotzeko minez", "neurriak positiboak" direlako, eta Eusko Legebiltzarrean "berresteko" asmoa duela azaldu du.