Gizartea
Koronabirusa
EBren txertaketa-egiaztagiriak ez du mugikortasuna bermatuko
agentziak | eitb media
Udan iritsiko den dokumentua doakoa izango da, eta jabeak txertoa jaso ote duen, antigorputzak garatu dituen edo PCR negatiboa duen jasoko du, besteak beste.
-
Txertaketa egiaztagiria erabiliko da bidaiatzeko. Argazkia: EiTB
Europar Batasuneko (EB) herrialdeak akordio batera iritsi dira Europako Parlamentuan txertaketa-egiaztagiria buruz jarrera komuna defendatzeko. Udan dokumentua indarrean egotea da helburua, baina ez du mugikortasuna bermatuko, gaur adostu dutenez.
"Hilabete bat baino gutxiagoko epean, Kontseiluak Parlamentuarekin negoziatzeko jarrera komuna lortu du", iragarri du EBren presidentzia duen Portugalek, gaur goizean 27etako enbaxadoreen bileraren ostean.
Baina covid-19aren aurkako txertaketari buruz EB prestatzen ari den egiaztagiria, ekainerako prest egotea espero dutena, ez da EB osoan mugikortasun askatasuna bermatuko duen osasun pasaporte bat izango.
"Ez diskriminatzeko printzipioa indartzeko, txertoa jaso ez dutenen kasuan bereziki, araudi nagusiak jasotzen du 'Egiaztagiri Berde Digitala' edukitzea ez dela zirkulazio librerako eskubidea izateko baldintza bat", estatu kideek adostutako testuan agertzen denaren arabera.
Kontseiluak araudi hori onartu eta sei astera jarriko da indarrean, hau da, ekainean, eta Greziak urte hasieran turismoa berpizteko egindako proposamenean oinarritzen da. Hala ere, oraindik Euroganberako negoziazioaren mende dago.
Testuan adostutakoak aurrera eginez gero, doakoa izango da, elektronikoa edo paperezkoa, ingelesez eta jatorrizko hizkuntza ofizialean egongo da idatzita, eta "12 hilabeteko iraupena" izango du.
Dokumentuan agertuko da jabeak koronabirusaren txertoa jaso ote duen, gaixotasuna pasatu ostean antigorputzak garatu ote dituen edo PCR negatibo bat jaso duen azken egunetan. Izan ere, azken hori izaten ari da herrialde askok eskatzen duten baldintza. Gainera, Europako Sendagaien Agentziak onartutako txertoak bakarrik hartuko dituzte aintzat.
Irlandari aipamen zehatza egin diote testuan, Ipar Irlandako mugagatik eta Brexitaren ostean sortu den egoera dela eta.
Era berean, mugen beste aldeko langileen egoera berezia kontuan izateko deia egin dute.