Itxi

Gizartea

hezkuntza

EHUren udako ikastaro gehienak presentzialak izango dira

eitb media

40 urte beteko dituzten ikastaroek hezkuntza, zahartzea, iraunkortasuna, pandemia, gobernantza, generoa eta euskal kultura izango dituzte ardatz.

  • EHUren 2021eko Uda Ikastaroen aurkezpena. Argazkia: UPV/EHU

    EHUren 2021eko Uda Ikastaroen aurkezpena. Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen 40. edizioak "Berrikas dezagun" du lelotzat, eta gehienak aurrez aurre zein telematikoki jarraitu ahal izango dira, Eva Ferreira EHUko errektoreak azaldu duenez.

Errektoreak, Rafael Pardo ekimenaren babesle den BBVA Fundazioaren zuzendariak eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak ikastaro berriak aurkeztu dituzte, Bilbon.

Aurtengo ikastaroek zazpi erronka edo gai nagusi izango dituzte hizpide: hezkuntza, zahartzea, iraunkortasuna, pandemia, gobernantza, generoa eta euskal kultura. Horietako bakoitzean, "eskaintza aberats eta askotarikoa" izango da.

Bi modalitatetan eskainiko dute programazioa, modu presentzialean eta telematikoan, eta hala behar duenak prezio bereziak eta ostaturako bekak izango ditu eskuragai, Itziar Alkortaren esanetan. Ohi bezala, ikastaro gehienak, horietako 130, Gipuzkoan izango dira. Matrikula ireki dute jada eta proposamen guztiak www.uik.eus webgunean daude ikusgai.

"40 urte hauetan, gure eginkizuna izan da beti munduan gertatzen denari buruz eztabaidatzea, haren arazoei eta aurrerabideei buruz", adierazi du Ferreirak. Aitortu duenez, pandemiaren irakaspen garrantzitsuenetako bat da "gure ikaskuntza prozesuan eginiko jauziek kanporanzkoak eta barruranzkoak izan behar dutela".