Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Positiboek gora egin dute berriro Nafarroan, 200eko langa gaindituta

E. G. | EITB MEDIA

Bezperan baino 45 kasu gehiago dira eta duela astebete baino, 15 gehiago.

  • Osasun langileak ospitale batean.

    Osasun langileak ospitale batean. Artxiboko argazkia: EFE

Kutsatzeen gorakada apaldu ezinda jarraitzen du Nafarroak, eta atzo beste igoera bat izan zen, 213 kasu atzemanda, Foru Gobernuaren datuen arabera.

Zehazki, 2.655 proba diagnostiko egin ziren astelehenean (aurrekoan baino 427 gehiago), eta horietatik % 8 positibo izan ziren. Horrenbestez, positibotasun tasa apur bat igo da (% 7,5ean zegoen).

Bezperako datuak baino 45 kasu gehiago dira, eta duela astebete baino 15 gehiago. Duela 15 eguneko datuekin alderatuz gero, 50eko igoera izan da.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Etxarri Aranatz da denen buru, 11 positiborekin (kutsatzeen gorakada tarteko, perimetralki itxita egongo da bihartik aurrera); Burlatan ere kopuru bera zenbatu dute. Iruñeko Buztintxuri auzoan 10 kasu atzeman dituzte, eta Sanduzelai eta Txantrea auzoetan (biak ala biak Iruñean) eta Lodosan (hau ere zarratuta egongo da), bederatzina kutsatze.

Covid-19arekin ospitaleratuta dauden gaixoen kopurua 202raino igo da; izan ere, atzo 14 gehiago ingresatu zituzten, bat ZIUn, baina ez zen hildakorik izan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.