Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Frantziak bertan behera utzi ditu Brasilekin dituen hegaldi guztiak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Kontrakorik esan arte ez da bi herrialdeen arteko hegaldirik izango. Frantziako Gobernuak ezustean iragarri du erabakia, koronabirusaren Brasilgo aldaeraren zabalkundea eragozteko.

  • Air France konpainiaren hegazkin bat aireratzen

    Air France konpainiaren hegazkin bat aireratzen. Artxiboko argazkia: EFE

Frantziako Gobernuak Brasilekin dituen hegaldi guztiak bertan behera utzi ditu gaurtik aurrera eta kontrakorik esan arte, koronabirusaren Brasilgo aldaera herrialdean zabaltzea saihesteko.

"Brasilen eta Frantziaren arteko hegaldi guztiak bertan behera uztea erabaki dugu", adierazi zuen atzo Jean Castex Frantziako lehen ministroak Asanblea Nazionalean.

"Brasilgo egoera guztiz dramatikoa da, eta aldaeraren arriskugarritasunak benetako zailtasunak dakarzkigu", esan zuen Castexek diputatuen aurrean, herrialdean "egoera are larriagoa" dela gaineratu aurretik.

Air France da Frantzia Brasilekin zuzenean lotzen duen konpainia frantziar bakarra.

Konpainiako bozeramaile batek EFE albiste agentziari baieztatu dioenez, astean 11 hegaldi daude bi herrialdeen artean, egunean bat Sao Paulora eta astean lau Rio de Janeirora.

"Pandemiaren aurretik, Brasildik 50. 000 pertsona iristen ziren astean", eta gaur egun "egunean berrogeita hamar" dira, adierazi zuen Jean-Baptiste Djebbari Frantziako Garraioen estatu idazkariak LCI telebista katean egindako elkarrizketa batean.