Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Asteazken honetan iritsiko dira EAEra Janssenen lehen txertoak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

AstraZenecari dagokionez, Espainiako Gobernuak espero zituen dosien erdiak jaso ditu, eta, hortaz, EAEk ere agindutakoa baino dosi gutxiago jaso ditu.

  • Asteazken honetan iritsiko dira EAEra Janssenen lehen txertoak

    Asteazken honetan iritsiko dira EAEra Janssenen lehen txertoak. Artboko irudia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoak asteazken honetan jasoko ditu Janssenen txertoaren lehen dosiak, guztira 6.850. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan jakitera eman duenez, txerto horiek 70 eta 79 urte bitarteko pertsonei emango dizkiete, eta joan-etorriak "zailagoak" izan daitezkeen eremuetara ere zuzenduko dituzte; izan ere, dosi bakarrarekin nahikoa da immunizatzeko.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Sagarduik esan du orain arte 558.000 txerto jarri dituztela Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarren ia % 18,75. Guztira 412.658 pertsonak jaso dute gutxienez dosi bat, eta 147.219k (% 6,69) lortu dute immunitate handiena.

80 urtetik gorako pertsona guztiek jaso dute txertoa, txertaketa-guneetara joan ezin izan dutenek edo txertoa etxean jaso behar dutenek salbu. Joan den asteburuan, bestalde, Osakidetzak 60.000 dosi inguru jarri ditu.

Gainera, atzo Pfizerren 70.207 dosi iritsi ziren EAEra. AstraZenecari dagokionez, Espainiako Gobernuak espero zituen dosien erdiak jaso ditu, eta hortaz, EAEk ere agindutakoa baino dosi gutxiago jaso ditu. Bihar Janssenen lehen 6.850 txerto iristea espero da.

AstraZenecaren bigarren dosiak

Sagarduik prentsaurrekoan gogorarazi duenez, ez dago argi AstraZenecaren bigarren dosiarekin zer gertatuko den. Bere hitzetan, maiatzean betetzen da farmazialariaren fitxa teknikoak ezarritako denbora, eta Osasun Publikoaren Batzordeak immunizatzeko jarraitu beharreko irizpidea ezarri arte itxaron behar da.

Une honetan, egoerari aurre egiteko hiru agertoki daudela esan du. Lehenengoa AstraZenecaren bigarren dosia ematea litzateke, jarraibide osoa osatuz; bigarrena, bigarren dosia ez jartzea eta lehenak ematen dien immunitatearekin uztea; eta hirugarrena, "ikerketa zientifikoen emaitzak ikusita, beste txerto baten bigarren dosia emateko aukera baloratzea".