Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Gizon bat hil da Nafarroan covid-19ak jota, eta 168 positibo detektatu dituzte

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Positibo tasa % 7,5ekoa da. Horrez gain, atzo beste 13 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako hiru zainketa intentsiboetako unitateetan.

  • Osasun langile bat emakume bati koronabirusaren aurkako txertoa jartzen

    Osasun langile bat emakume bati koronabirusaren aurkako txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Koronabirusaren ondorioz Nafarroan 78 urteko gizon bat hil dela jakinarazi du gaur Osasun Publikoko Institutuak. Halaber, atzo 168 positibo antzeman zituzten, 2.228 proba egin ostean, eta positibotasun-tasa % 7,5ean kokatu da.

Horrez gain, atzo beste 13 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako hiru zainketa intentsiboetako unitateetan. Guztira, 197 lagun daude erietxean covid-19ak jota: 143 gelatan, 40 zainketa intentsiboetako unitateetan eta gainerakoak etxean ospitaleratuta.

Pandemia hasi zenetik 56.539 pertsona kutsatu eta 1.141 hil dira Nafarroan.

2020ko irailaz geroztik, Nafarroa da birusa detektatzeko proba gehien egiten dituen erkidegoa: 1.193,37 test 100.000 biztanleko. Osasun Ministerioaren arabera, Estatuko batez bestekoa 801,61koa da.  

Atzo atzemandako positiboen % 49 Iruñerrian eman dira; % 17, Tutera inguruan; % 13, Lizarraldean; eta % 21, Nafarroako gainerako zonaldeetan.  

Adina kontuan hartuta, positibo gehienak, hurrenez hurren, ondoko adin tarteetan eman dira: 15-29 urte (% 27), 45-59 urte (%23), 30-44 urte (%19), 15 urtetik beherakoak (%14), 60-75 urte (%13) eta 75 urtetik gorakoak (%4).

Kutsatu berrien batez besteko adina 37,5 urtekoa da.  

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.