Gizartea
KORONABIRUSA
200eko langaren gainetik jarraitzen dute kutsatzeek Nafarroan, tasa % 11,2raino igoz
EITB MEDIA
Ostiraleko datuei erreparatuta, berriz, 13 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, eta bi pertsona hil ziren covid-19arekin.
-
Nafarroako osasun langile bat, herritar bati txertoa jartzen Lodosan. Argazkia: EFE
Nafarroan 206 koronabirus kasu zenbatu dituzte azken orduotan, bezperan baino 16 gutxiago.
Foru Erkidegoko Gobernuak kaleratu dituen behin behineko datuen arabera, orotara, 1.849 proba diagnostiko egin zituzten atzo (1.419 PCR eta 430 test antigeno), eta horietatik % 11,1ek eman zuten positibo covid-19an.
Kasu gehien Tuteran jaso dira, 20 denera, eta Iruñeko Errotxapea auzoan, berriz, 15. Etxarri Aranatzen eta Alesbesen 10na kutsatu zenbatu dira, eta Burlatan eta Kadreitan, 9na.
192 gaixo daude Foru Erkidegoko ospitaleetan ingresatuta covid-19arengatik, aurreko egunean baino 15 gehiago.
Atzo 13 ospitaleratze izan ziren koronabirusarekin lotuta, horietako bat ZIUn, eta heriotza bat erregistratu zen, 85 urteko gizon batena, eta aurreko egunetako beste heriotza bat, 92 urteko emakume batena. Nafarroan hildako guztien kopurua 1.138 da.
Kutsatze berriei dagokienez, eremuka, Iruñean eta eskualdean kasu positiboen % 47 izan dira, Tutera eta inguruan % 25 eta Lizarran % 8. Besteak (% 20) Nafarroako beste eskualdeetakoak dira.
Adinari dagokionez, kutsatze berri gehienak 30-44 urteko eta 45-59 urteko taldeei dagozkie, biak % 25ekin. Ondoren datoz 15-29 urteko adin tartea, % 22rekin, eta 15 urtez azpiko taldea, % 17rekin.
Azkenik, 60-75 urtekoen taldea, % 7rekin, eta 75 urtez gorakoena, % 4rekin, daude. Kutsatu berrien batez besteko adina 37 urte da.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasunbidearen datuen arabera, 192 pertsona daude ingresatuta covid-19arekin eta covid-19agatik (aurreko egunean biano 15 gehiago), eta horietako 37 zaintza intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino hiru gehiago). Beste 15 etxean ospitaleratuta daude (kopuru bera).
Besteak, 140 gaixo, plantan daude (12 gehiago). Horiek guztiek positibo eman zuten PCR proba batean, ospitalean egoteko arrazoia covid-19a izan ala ez.
Birusaren intzidentzia metatua 56.374 kasukoa da Nafarroan.
Osasun sailburua, txertatuta
Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak (61 urte) "pozik" hartu zuen atzo AstraZeneca txertoaren lehen dosia, bere populazio-taldearentzat eta bere adinaren zitazioaren esparruan aurreikusitakoa. Konfiantza hori publiko egin nahi izan zuen, "irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duelako".
Santos Indurain txertatzen. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Indurainek goraipatu egin zuen osasun profesionalen lana. Atzo eta gaur 6.200 pertsona baino gehiago txertatuko dituzte Nafarroan.
Jendarteak AstraZenecaren txertoarekin izan ditzakeen zalantzei buruz galdetuta, sailburuak honako hau adierazi zuen: "Ulertzen dut egon diren aldaketekiko mesfidantza hori, baina, era berean, uste dut gure zeregina orain jakinaraztea, ondo transmititzea, azaltzea eta zergatik egin diren aldaketa horiek esatea dela, zertan oinarrituta egin diren. Halaber, azaldu behar da zaintza farmakologikoko sistema on bat dugula".
761 kasu berri EAEn
Koronabirusak gogor jotzen jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE). Atzo 9.442 proba diagnostiko egin ziren eta 761 positiboak izan ziren ( % 8,1). Bezperan, 920 positibo atzeman ziren ( % 8,9).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako eguneroko txostenaren arabera, 98 kasu berri atzeman zituzten larunbatean Araban, 368 Bizkaian, 288 Gipuzkoan eta 7 beste autonomia erkidego batzuetatik etorritako pertsonengan.