Gizartea
KORONABIRUSA
Estatuko covid-19 intzidentzia datu okerrenetarikoak dituzte EAEk eta Nafarroak
E. J.| EITB MEDIA
Ceuta eta Melillaren ostean, Nafarroa, Euskadi eta Madril dira 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia zifra okerrena duten erkidegoak.
-
Bi emakume, maskara jantzita, kaletik paseoan. Argazkia: EFE
Covid-19an 56.118 kutsatze berri izan dira apirilaren 1etik, Aste Santua hasi zenetik, Espainiako Estatuan, eta 14 eguneko intzidentzia metatua 27,3 puntu igo da epe horretan. Hala, Espainiako Osasun Ministerioak ostiral honetan emandako datuen arabera, 100.000 biztanleko 182 kasukoa zen batezbesteko intzidentzia atzo. Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak nabarmen gainditzen dute adierazle hori.
Intzidentzia metatua 394,5koa da Nafarroan, Estatu osoko hirugarren altuena. Datu horien arabera, Ceuta (465) eta Melilla (494) daude aurretik, eta Madril (324,3) zein Euskal Autonomia Erkidegoa (295,3) atzetik. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eguneroko buletinean 371,96 intzidentzia metatua erakusten zuen atzo EAEn, eta, beraz, datua are okerragoa izango litzateke iturri hori kontuan hartuta.
Beste muturrean, egoera hoberenean, Valentziako Erkidegoa legoke, 34,9 kasurekin, "normaltasun berrirako" ezarrita dauden 50 kasu baino gutxiagorekin. 50 eta 150 artean daude, berriz, Balear Uharteak, Kanariak, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Murtzia eta Galizia.
Ospitaleetako datuei dagokienez, 2.050 gaixo zeuden ostiral honetan Estatuko zaintza intentsiboetako unitateetan.
Ospitaleetako okupazioa % 7,4koa da, batez beste, Estatuan, eta ZIUetako okupazioa % 20,4koa. Euskal Autonomia Erkidegoa % 23koa da ZIUetako okupazioa, eta Nafarroa % 22,6koa, "arrisku ertaineko" egoeran daude beraz. "Muturreko arriskuan" (ZIUak % 25etik gora covid gaixoz okupatuta) hiru lurralde daude: Katalunia ( % 39,6), Madril ( % 39,2) eta Errioxa ( % 37,7).
Guztira, 76.328 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik.