Gizartea
Koronabirusa
AstraZenecaren ordez, Pfizer edo Moderna jarriko dute Ipar Euskal Herrian 2. dosian
E. G. | EITB MEDIA
Lehen dosian Oxford Unibertsitatearen gertakinarekin babestutako 55 urtez azpikoek beste txerto bat jasoko dute, Frantziako Osasunaren Goi Agintaritzak hartutako erabakiari jarraiki.
-
Adineko gizon bat txertoa jasotzen Ipar Euskal Herrian. Argazkia: Nerea Olaso
Lehen dosian AstraZenecaren txertoa jaso duten 55 urtetik beherakoei Pfizer edo Modernako gertakinak emango dizkiete Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak emandako gomendioari jarraiki. Izan ere, adin horren azpitik daudenek odolbilduak izateko arriskua dutela kontuan hartuta, AstraZenecaren gertakina ez erabiltzea erabaki du Frantziako Osasunaren Goi Agintaritzak.
Hala iragarri du Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak RTL irrati kateari eskainitako elkarrizketan. Guztira, Frantziako Estatuan 500.000 pertsonari, gehienak osasun langileak, eman zaie Oxford Unibertsitatearen seruma, eta orain, bigarren dosirako, beste txerto bat ematea ebatzi dute.
Frantziako Osasunaren Goi Agintaritzari dagokio sendagaiak baimentzea. Martxoaren 19an txerto britainiar-suediarra 55 urte beherakoei ez ematea gomendatu zuen, Europako hainbat herrialdeetan izandako odolbildu kasuengatik.
"55 urtetik behera dituztenei ez diegu txerto hori gomendatzen, baina lehen dosi bat jaso badute, beste txerto bat proposatuko diegu bigarren dosirako. Ni neu talde horretakoa naiz. Bigarren dosia epearen barruan emango zaie", adierazi du Veranek, erantsi badu ere jakinarazpen ofiziala Goi Agintaritzari dagokiola.
"Dosi bakar bat ez da babesgarria epe luzera... Beste txerto bat erabiltzea erabaki dugu", berretsi du Jean-Daniel Lelievre Agintaritzako kide eta Henri Mondor de Creteil ospitaleko gaixotasun infekziosoen zerbitzuko buruak.
Hego Euskal Herrian, ordea, oraindik ez dute erabaki zer egin bigarren dosiekin. Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek immunizatu gabe dauden 60 urtez azpikoei AstraZeneca ez ematea ebatzi zuten atzo. Gertakina 66-69 urtekoei emango diete aurrerantzean.