Gizartea
KORONABIRUSA
Zer gertatuko da jada AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urtez azpikoekin?
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiako Gobernuak bi aukera ditu mahai gainean: bigarren dosia ez ematea edo beste botika-etxe batek egindako txerto bat jartzea.
Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek AstraZenecaren txertoa 60 eta 69 urteko pertsonei ematea erabaki du, 60 urtetik beherakoei zuzendutako kanpaina etetea agindu ostean. Alabaina, erantzun gabeko hainbat galdera daude airean.
Esaterako, zer gertatuko da dagoeneko AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urtetik beherako pertsonekin?
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak atzo aurreratu zuenez, bigarren dosia ez ematea da aukeretako bat, "fitxa teknikoak erakusten baitu % 70eko eraginkortasuna duela".
Beste aukera bat litzateke bigarren dosian AstraZeneca ez den beste txerto bat jartzea: "Erresuma Batuan aztertzen ari diren moduan, bigarren dosia beste txerto batekin emateko aukera ote dagoen ikusteko dago".
Gaur arratsaldean, Osasun Publikoaren Batzordeak bilera egin du, baina ez du gai horri buruzko erabakirik hartu. Proba zientifikoetan eta Sendagaien Europako Agentziak egindako azterketetan oinarrituta, erabakia "laster" jakinaraziko dutela esan dute, egunik zehaztu gabe.