Gizartea
KORONABIRUSA - NAFARROA
Nafarroak bi astez eutsiko die aforo- eta mugikortasun-neurriei
O.P. | EITB MEDIA
Azken egunetako kutsatze- eta intzidentzia-datuak gorantz doazela-eta erabaki du Gobernuak neurri murriztaileei eustea.
-
Ostalaritzako neurri murriztaileei eutsiko zaie. Argazkia: EITBren bideo batetik atertako irudia
Nafarroako Gobernuak, "egoera epidemiologikoa zein den ikusita", ostalaritzaren itxierari eta edukiera-mugei loturiko azken neurriak bi astez luzatzea erabaki du, baita eremu publiko eta pribatuko mugikortasunari eta bilerei eragiten dieten neurriak ere. Beraz, neurriok gutxienez apirilaren 22ra arte egongo dira indarrean.
Hala, itxita egongo dira ostalaritzaren barrualdeak eta bingo, joko-areto edo antzeko establezimenduen barrualdeak; era berean, saltoki eta merkataritza-gune ertain eta handietan % 30ekoa izango da gehienezko edukiera, eta % 50ekoa saltoki txikietan.
Horrez gain, ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioetan, janaria edo edaria kontsumi daitezkeen familia arteko edo lagun arteko ospakizunek debekatuta egoten jarraitzen dute.
Gainera, gauez mugitzea ere debekatuta egongo da, 23:00ak eta 06:00ak bitartean, orain arte bezala, eta erkidegoak perimetralki itxita jarraituko du.
Bilkuretarako ezarritako mugek ere indarrean jarraituko dute. Eremu pribatuan bizikideak soilik elkartu ahal izango dira, eta, eremu publikoan, aldiz, sei lagun espazio irekietan eta lau espazio itxietan, bizikidetza-unitate bereko pertsonak direnean izan ezik.
Bestalde, ostiralean konfinatuta geldituko da Cadreita; hala, hiru izango dira konfinatutako herriak, Milagro (apirilaren 15era arte) eta Arguedas (apirilaren 19ra arte) herriekin batera.
Baheketa Cadreitan
Hain zuzen ere, Cadreitako Udalak dei egin die herritarrei ostegun honetako baheketan parte har dezaten; era berean, covid-19a hedatzea saihesteko, konfinamendu perimetrala errespetatzeko eskatu die.
Cadreitako alkate Berta Pejenaute "kezkatuta" agertu da "kutsatzeen gorakada handiagatik", eta herritarrak "baheketan parte hartzera" eta egunotako ezohiko neurriak betetzera animatu ditu.