Gizartea
Koronabirusa
Gaztela eta Leonek AstraZenecaren txertaketa etetea erabaki du
A. O. | EITB MEDIA
Kautelazko neurri hori Sendagaien Europako Agentziak gaur emango duen iritzia ezagutu arte hartu dute. Halaber, Europak har ditzakeen erabakien berri izan arte itxaron nahi du bertako gobernuak.
-
AstraZeneca txertoa. Foto: EFE
Gaztela eta Leonek covid-19ari aurre egiteko erabiltzen den AstraZenecaren txertoa behin-behinean alde batera uztea erabaki du asteazken honetan, prebentzio printzipioa aplikatuta, Gaztela eta Leongo Osasun Departamentuak jakitera eman duenez.
Kautelazko neurri hori Sendagaien Europako Agentziak (EMA, ingelesezko sigletan) gaur bertan landuko duen segurtasun-txostenaren nondik norakoak ezagutu arte hartu dute. Testuinguru horretan, txerto horren inguruan Europar Batasuneko eta Espainiako Osasun Sistemako agintariek har ditzaketen erabakien berri izan arte itxaron nahi du Gaztela eta Leonek.
Erabaki horrek, beraz, Gaztela eta Leonen aurreikusita zeuden txertaketa masiboei eragiten die; izan ere, covid-19ari aurre egiteko Espainiako Txertaketa Estrategian ezarritakoari jarraituz, AstraZeneca enpresa farmazeutikoak eta Oxfordeko Unibertsitateak garatutako seruma erabiltzeko asmoa zuten.
Hala, Sendagaien Europako Agentziak "asteazkeneko azken orduan" emango du AstraZeneca txertoaren eta tronboen arteko harremanari buruzko iritzi berria.
Sendagaien Europako Agentziak adierazi duenez, "oraindik ez da ondoriorik atera" AstraZenecaren txertoaren eta Europako herrialde batzuetan txertoa jaso duten pertsonen artean atzeman dituzten tronbo-enbolismo kasu arraroen artean.
Zehazki, Europako Batasunean AstraZenecarekin txertoa hartu duten 9,2 milioi pertsona baino gehiagoren artean 44 garuneko zain-sinuaren tronbosi (oso gaitz arraroa) kasu izan dira.
"Ikerketak martxan jarraitzen du", esan du erregulatzaileak, eta, ikerketa amaitzeko, aste honetan Zaintza Farmakologikoko Arriskuen Ebaluazio Batzordeak (PRAC) bilerak egingo dituela gaineratu du.
Carmen Calvo: "Txertoei buruzko erabakiak hartuta daude"
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordearen arabera, ordea, erabili beharreko txertoen inguruko erabakiak, osasun-irizpideak, adin-tarteak eta horiek emateko egutegiak "Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak zehaztu behar ditu, eta erabakia adostuta dago jada. Erabaki hori ez du autonomia erkidego batek hartu behar, bere ulertzeko moduaren edo aurre egiteko formula politikoaren arabera".
"Ez dago aurreikusita autonomia erkidegoek edo beste inork irizpide sanitarioak edo teknikoak erabiltzea borroka politikoa egiteko, nahiz eta batzuk horretan tematu", gaineratu du Calvok. Horren hitzetan, "batzuek espainiar guztien berdintasuna bermatzen ez duten erabakiak har ditzaketela uste dute".