Gizartea
KORONABIRUSA
Lehen eguna eskolarik gabe Ipar Euskal Herrian
EITB MEDIA
Klaseak telematikoki emango dira osasun-krisiaren ondorioz. Frantziako Gobernuak espero du ikasle txikienak apirilaren 26an itzultzea eskolara, eta gainerakoak maiatzaren 3an.
-
Etxean ikasten duen ikaslea. Argazkia: EFE
Ipar Euskal Herriko haurtzaindegi eta ikastetxeetako ikasleek zuzeneko eskolarik gabeko lehen eguna dute astearte honetan. Zentroak gaurtik (apirilak 6) itxita egongo dira konfinamendu "lasaia" dela eta. Apirilaren 3an sartu zen indarrean Frantziako Gobernuak ezarritako hirugarren konfinamendua; aurrekoa baino arinagoa bada ere, eskola eta funtsezkoak ez diren saltokien itxiera ezartzen du, eta mugikortasunari eragiten dio.
Klaseak telematikoki egingo dituzte aste honetan, eta bi asteko oporrak izango dituzte ondoren. Oporrak amaitutakoan, haurtzaindegi eta Lehen Hezkuntzako ikasleak itzuliko dira geletara, baina ikastetxe eta lizeoetan beste astebetez jarraituko dituzte klaseak etxetik.
Ondo bidean, ikasle txikienak apirilaren 26an itzuliko dira ikasgeletara, eta helduenak maiatzaren 3an.