Gizartea
KORONABIRUSA
Nafarroan covid-19 kasuen kopurua egonkor dago, 177 positibo berrirekin
I. G. | EITB MEDIA
Zortzi egun daramatza jarraian 150eko langaren gainetik. Positibo tasa, berriz, % 8,2raino jaitsi da.
-
Iruñea. Argazkia: EFE
Nafarroan 177 positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, bezperan baino hiru gehiago. Gauzak horrela, azken zortzi egunetan kasu berrien kopurua 150etik gorakoa izan da, egunero.
Foru Gobernuak emandako datuen arabera, azken egunean 2.144 proba diagnostiko (PCR eta antigeno test) egin dira, eta positibo tasa % 8,2raino jaitsi da.
Herriz herri, Cadreitako 12 kasuak nabarmentzen dira, baita Lodosako eta Iruñeko Arrotxapea eta Donibane auzoetako 10 kasuak ere. Burlatako, Tuterako Ekialdeko eta Atarrabiako auzoetan bederatzi kasu atzeman dituzte.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasunbideak jakinarazi duenez, atzo 165 pertsona zeuden ospitalean covid-19agatik edo covid-19arekin (igandean baino 15 gehiago), eta horietako 25 Zainketa Intentsiboen Unitatean (bat gehiago) eta 14 etxeko ospitaleratzean (bezperan bezalaxe). Gainerakoak, 126 gaixo, plantan daude (igandean baino 14 gehiago).
Itxiera perimetrala Arguedasen
Nafarroako Gobernuak Arguedas udalerria perimetralki ixtea agindu du, kutsatzeen gorakada eteteko. 2.300 biztanle inguru dituen udalerriak ia 2.810eko intzidentzia-tasa metatua du azken 14 egunetan 100.000 biztanleko.
Itxiera perimetrala gauerditik dago indarrean, eta gutxienez bi aste iraungo du.