Gizartea
KORONABIRUSA
Carolina Darias: "Apirilaren 15ean iritsiko dira Janssenen lehen 300.000 dosiak"
I. G. | EITB MEDIA
Guztira, dosi bakarra behar duen Janssen etxeko txertoaren 5,5 milioi dosi inguru jasoko dira apiriletik ekainera bitartean.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak astelehen honetan adierazi duenez, Espainian udan txertatuen % 70era heltzeko helburua "eskura dago", eta apirilaren 15ean Janssenen lehen 300.000 dosi iritsiko direla iragarri du.
Dariasen hitzetan, Aste Santua "aste handia" izan da, Pfizer, Moderna eta AstraZeneca konpainien bi milioi dosi baino gehiago jarri baitira zazpi egunetan.
Gainera, gaurtik aurrera, astelehenero, Pfizerren txertoaren 1.200.000 dosi iritsiko direla aurreratu du, eta apirilaren 15etik aurrera, Janssenen txertoaren lehen 300.000 dosiak, guztira 5,5 milioi inguru izango direnak apirila eta ekaina bitartean. Azken horiek dosi bakarreko txertoak dira.
"Funtsezkoa da txertoak denbora irabaztea birusari", adierazi du Dariasek, eta egoera epidemiologikoari dagokionez, "goranzko joera" duela eta 12 autonomia erkidegok baino gehiagok 100.000 biztanleko 50 kasuren intzidentzia-tasa metatua gainditzen dutela esan du.
"Horrek igoera argi batean gaudela adierazten digu, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu igoera horrek nora garamatzan ikusteko", adierazi du Dariasek, eta herrialdearen "itxaropena", horren hitzetan, "lan handia egiten ari diren txertoen etorrera da".
Ministroaren arabera, "txertoak jasotzen jarraitzen dugu", gero eta gehiago dira, eta gogorarazi du aspalditik esaten ari direla 2021eko bigarren hiruhilekotik asko handituko zela txertoen kopurua.
Ministroaren esanetan, orain iristen ari diren txerto guztiak 60 urtetik gorako herritarrentzat izango dira: AstraZenecarenak 65 eta 60 urte artekoentzat, eta Moderna eta Pfizer konpainienak, berriz, 80 urtetik gorakoentzat.
"Talde-immunitatea lortzeko bidean gaude", adierazi du Dariasek, eta erantsi du udan lortuko dela txertatzeko adinean dauden herritarren % 70 egotea txertatuta.
80 urtetik gorakoen txertaketari dagokionez, ministroak azaldu du talde horretako herritarren % 77k gutxienez lehen dosia jarrita dutela.