Gizartea
Koronabirusa
Covid-19aren positibo berriak 564ra igo dira EAEn
I. G. | EITB MEDIA
Positibotasun tasa berriz igo da, % 8,7raino. Kutsatze horietatik 245 Bizkaian atzeman ziren, 235 Gipuzkoan, 79 Araban eta bost erkidegotik kanpo.
-
Gizon bat PCR proba bat egiten. Argazkia: EFE
Positibotasun-tasa % 9tik gertu kokatu da berriz Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), % 8,7an hain zuzen ere, joan den larunbatean behera egin ostean aurreko bi egunekin alderatuta.
Joan den igandean 6.514 proba diagnostiko egin zituzten autonomia erkidegoan, eta 564 pertsonak eman zuten positibo, aurreko eguean baino 73 gehiagok.
Kutsatze horietatik 245 Bizkaian atzeman ziren, 235 Gipuzkoan, 79 Araban eta bost erkidegotik kanpo bizi ziren pertsonetan.
Gipuzkoan eta Bizkaian, apur bat gehiago azken lurralde horretan, igo egin dira larunbatean diagnostikatutako kasuak, eta Araban, berriz, jaitsi.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo 55 pertsona ospitaleratu zituztela jakinarazi du, larunbateko kopuru bera.
Zainketa Intentsiboetako Unitateetako (ZIU) egoera egonkorra da, 97 gaixo baitaude egoera kritikoan, larunbatean baino bi gehiago.
Astearte honetan argitaratuko du Osasun Sailak 100.000 biztanleko 400 kasu edo gehiagoko intzidentzia metatua duten udalerrien eta, hala badagokio, probintzien zerrenda berria, asteazkenetik aurrera itxi beharko direnak eta murrizketa berriak jasango dituztenak, ostalaritzaren barrualdean, esaterako.
Aurreikuspenen arabera, Gasteiz izango da egoera horretan egongo den lehen hiriburua; izan ere, joan den asteazkenean, datu ofizialak dituen azken egunean, 399,8 kasuko intzidentzia metatua zuen.
Bilbok 379,5 kasuko intzidentzia metatua zuen, eta baliteke itxituratik gertu egotea. Probintzien kasuan, Araban soilik eragin dezake pandemiaren bilakaera txarrak, Aste Santuko jaiegunen aurretik 374 kasu baino gehiago baitzituen.