Gizartea
Euskal Herriko Itzulia 2021
Itzuliak autobusen ibilbidea aldatu eta aparkalekuak kenduko ditu Bilbon
I. G. | EITB MEDIA
Hori dela eta, Bilbobus eta Bizkaibus garraio zerbitzuek aldaketak izango dituzte lineen ohiko ibilbideetan.
Bihar, apirilak 5, hasiko da 2021eko Itzulia, eta horrek eragin handia izango du Bilboko trafikoan. Besteak beste, autobusen ibilbideak moldatuko dira eta aparkalekuak kenduko dira.
Bilbok Itzuliaren 60. edizioaren hasiera hartuko du lehen etaparekin, 13,9 km-ko banakako erlojupekoa, Bizkaiko hiriburuan hasi eta amaituko dena.
Hori dela eta, Bilbobus eta Bizkaibus garraio zerbitzuek aldaketak izango dituzte lineen ohiko ibilbideetan.
Lasterketaren ondorioz, aparkalekuak kenduko dira aldi baterako 08:00etatik 19:00etara, gutxi gorabehera, ia barruti guztietan, bereziki Deustun, Uribarrin eta Begoñan.
Lehenengo etapa astelehenean abiatuko da Begoñako Basilikako aparkalekuaren ingurutik (12:30 eta 16:00 artean, gutxi gorabehera) eta Etxebarria Parkean amaituko da, Bizkaiko hiriburuko hainbat puntu zeharkatu ondoren.
Lasterketak irauten duen bitartean, kale guztien eta zeharkako bideen arteko gurutzaketak itxita geratuko dira; beraz, ezin izango da bide horietara sartu.
08:00etatik 19:00etara, zirkulazioa eten eta murriztuko dute Begoña, Zurbaran eta Arabella inguruetan.
Astelehenean, halaber, zirkulazioa etengo dute eta beste aldaketa batzuk ere egingo dituzte 11:00etatik 18:00etara Artxandako, Deustuko eta Arangoitiko, Castañoseko, Matikoko eta Uribarriko, eta Alde Zaharreko eta Abandoko kaleetan.
Apirilaren 6an, asteartean, Itzuliaren bigarren etapak (Zalla-Sestao) ere eragina izango du Bilboko trafikoan, baina neurri txikiagoan. Kaltetutako eremua Zorrotza auzoa izango da, 14:45etik 15:15era, gutxi gorabehera, inguru horretako bide batzuk itxiko baitira.