Gizartea
KORONABIRUSA
Bi aste barru 80 urtetik gorakoen txertaketa amaitzea aurreikusten du Osakidetzak
I. G. | EITB MEDIA
Bestalde, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak gutun bat bidali dio Osasun sailburuari, "65 eta 79 urte bitarteko pertsonen txertaketa noizko" den galdetuz.
-
Emakume bat txertoa jasotzen. Irudia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan duenez, Osakidetzak 80 urtetik gorakoen txertaketa-prozesua bihar hastea eta hurrengo asteko lehen egunetan amaitzea aurreikusten du.
Osasun Sailaren datuen arabera, adin-tarte horretan % 70,7k lehen dosia jaso dute, eta % 34,3k, biak.
Sagarduik Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera egin ditu adierazpenok, Durangoko (Bizkaia) Landako Gunean, EAEn txertaketa masiboak egiteko erabiltzen den guneetako batean.
80 urtetik gorakoentzako txertaketa-aurreikuspenak hilabete honetan zehar iritsiko diren Pfizerren dosiekin beteko direla azaldu ondoren, sailburuak erantzukizunez jokatzeko deia egin du, "gehiegi" biltzea saihesteko, eta Euskadira iritsi diren AstraZenecaren 52.000 dosiak atzo eta bihar artean emango direla gogorarazi du.
"Ez da gaitasun kontua, prestasun kontua baizik", azpimarratu du sailburuak, eta jaiegun hauetan 61 eta 65 urte bitarteko pertsonei txertoak jartzen ari diren profesionalen lana eskertu du.
65 eta 79 urte bitartekoei noiz jarriko zaien txertoa galdetu diote Sagarduiri
Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak gutun bat bidali dio Osasun sailburuari, "65 eta 79 urte bitarteko pertsonen txertaketa noizko" den galdetuz.
Pentsiodunen mugimenduak ohar batean azaldu duenez, adin horietako pertsonen kezka "oso handia da", txertaketa-prozesuan "baztertuta" sentitzen direlako.
"Ez diogu eragozpenik jartzen 55 eta 65 urte bitarteko pertsonen txertaketa zabaltzeari; alderantziz. Baina deigarria egiten zaigu 65 eta 79 urte artekook, arrisku-taldeko biztanleriaren sektore zabala osatzen dugunok, txertoa jasotzen hasi ez izana", azpimarratu dute.