Gizartea
Koronabirusaren semaforoa
Oiartzun eta Usurbil eremu gorrian sartu dira, eta Gasteiz muga-mugan geratu da
E. G. | EITB MEDIA
Arabako hiriburuak 399,88 kasuko intzidentzia du, gune kritikoenaren atarian geratuta. Zornotza eta Muskiz udalerri laranja dira.
-
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa
Okerrera egiten jarraitzen du egoera epidemiologikoak, eta beste bi udalerri (Oiartzun eta Usurbil) sartu dira eremu gorrian, covid-19ak Euskadin herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Horrenbestez, 12 dira egoerarik latzenean dauden 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak EAEn: Ermua, Elorrio eta Ondarroa, Bizkaian; eta Arrasate, Beasain, Lazkao, Legazpi, Oiartzun, Ordizia, Urretxu, Usurbil eta Zumarraga, Gipuzkoan.
Arabako datuei dagokienez, ez dago udalerri gorririk. Dena dela, Gasteiz muga-mugan geratu da, 399,88 kasuko intzidentziarekin, eta oraingoz kolore laranjari eutsita. Agurain, Amurrio eta Laudio horiz margotuta ageri dira. Ez dago udalerririk eremu berdean. Lurralde historikoa ere gorritik gertu dago, laranjan, baina 374,61 kasuko intzidentzia-tasarekin.
Bizkaian, Ermuak, Elorriok eta Ondarroak jarraitzen dute eremu gorrian.
Gune laranjan, aldiz, Zornotza eta Muskiz batu zaie aurretik zeuden Abadiño, Bilbo (400etik dezente hurbil, 379,53 kasurekin), Berango eta Markina-Xemein udalerriei.
Horian hauek daude: Abanto, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Derio, Durango, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Lekeitio, Mungia, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapagaran eta Zalla. Bizkaia bera ere horian dago, 280,15eko tasarekin.
Eremu berdean ez dago udalerririk, Bermeok okerrera egin baitu.
Gipuzkoan, gune gorrian, astinduenean, Oiartzun eta Usurbil sartu dira, eta bertan jarraitzen dute Arrasatek, Beasainek, Lazkaok, Legazpik, Ordiziak, Urretxuk eta Zumarragak.
Eremu laranjan, berriz, Bergara, Oiartzun, Oñati eta Tolosa. Gipuzkoako lurraldea ere laranjan sartu berri da (313 kasu).
Hauek ditugu gune horian: Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Mutriku, Orio, Pasaia, Urnieta, Villabona, Zarautz eta Zumaia.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Jaurlaritzak Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.