Itxi

Gizartea

Koronabirusa

EAEk erritmo bizian txertatzen jarraitu nahi du, txertaguneei esker

E. G. | EITB MEDIA

Euskal Autonomia Erkidegoak 80 urtetik gorako eta 65 urtetik beherako pertsonen txertaketarekin jarraitzen du, ostiralean AstraZenecaren 42.300 dosi iritsi ostean.

0:59
Txertaketa ez da eten Aste Santuan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Osakidetzak azaldu duenez, larunbat honetan 80 urtetik gorako eta 65 urtetik beherako pertsonen txertaketarekin jarraitzen du, eta kolektibo horietako kideek Euskal Osasun Zerbitzuak beraiekin harremanetan jarri arte itxaroteko eskatu du.

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) txertaketa erritmoa bizi-bizi mantendu nahi du Aste Santuko jaiegunetan ere, eta zalantzarik gabe, ostiral honetan heldu diren AstraZenecaren 42.300 dosiek horretan lagunduko dute. Izan ere, gertakin gehien jaso den astea da honakoa.  

Ostegunean farmazia enpresa britainiarraren milioi bat serum baino gehiago heldu ziren Espainiako Estatura, eta erkidegoen artean banatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspenaren arabera, asteartera arte 75.788 txerto jarriko dituzte, aurreko astean baino 20.000 gehiago. 65 urteko eta gutxiagoko herritarrak AstraZenecarekin gertakinarekin babestuko dituzte EAEn paratutako bost txertoguneetan.

Illunbeko Donostia Arenaz eta Bilboko Casilla pabiloiaz gain, txertaketa eremu handiak jarri dituzte BECen (Barakaldo), Landakon (Durango) eta Lakuako frontoian (Gasteiz).

Une honetan, Osakidetzak 80 urtetik gorako jendea eta 65 urtetik beherakoa txertatzen ari da, Txertaketa Estrategian aurreikusita dagoen bezala, komunitate zientifikoaren gomendioei jarraituz.

Orain arte 113.953 pertsona immunizatu dituzte Euskadin bi dosirekin eta 282.115ek lehenengoa jaso dute. EAEra 469.000 txerto iritsi dira, eta horietatik Pfizerreko 10.800 eta Modernako 2.950 Moderna gorde dituzte bigarren inokulaziorako.

100 urtetik gorakoen % 92,1ek jaso dituzte bi dosiak, eta ehuneko hori % 83ra jaitsi da 90 urtetik gorakoen artean, eta % 20,1era 80 urtetik gorakoen artean. Talde horretan, % 62,3ri dosi bakarra eman zaie.

Osasun Sailak gogorarazi die 80 urtetik gorakoei eta 65 urtetik beherakoei Osakidetzak deitu arte itxaron behar dutela txertoa hartzeko eta, horregatik, ez dutela osasun-zentrora edo Etengabeko Arretarako gunera deitu behar.

"Guztiok jasoko ditugu txertoak, baina txandaren zain egon behar dugu, Osakidetzak pertsona bakoitzarekin harremanetan jarri arte", azaldu dute.

Azken egunotan, Euskal Osasun Zerbitzuak 20.000 dei baino gehiago jaso ditu txertaketaren eta txanden inguruko zalantzei buruz. "Kontaktatu arte itxaron behar dugu", azpimarratu dute.

80 urtetik gorako pertsonen hitzordua telefono bidez egiten ari dira, orain arte bezala. Osakidetzak deitu eta txertoa hartzeko ordua eta lekua finkatzen ditu.

65 urte edo gutxiago dituzten pertsonak SMS bat jasoko dute, hitzordua Euskal Osasun Zerbitzuaren webgunearen bidez eskatzeko gonbidatuz. Hala ere, edozein gorabeheraren aurrean edo SMS bidez kontaktuan jartzeko daturik ez balego, Osakidetzak telefonoz deituko luke.

Osakidetzak zehaztu duenez, SMSa beste titular baten telefonora ere irits daiteke, hori baita Euskal Osasun Zerbitzuarekin beste gai batzuetarako ohiko kontaktu gisa erabiltzen dena, eta, adierazi duenez, hurrengo bidalketetan nahasmena saihesteko, testu-mezuan zehazten dira mezuaren hartzailearen jaioteguna eta generoa.

1956tik 1959ko ekainera bitartean jaio eta SMSrik jaso ez dutenek Osakidetzaren webgunearen bidez eska dezakete hitzordua. "Web hitzordua" zabalik egongo da txertoak eskuragarri dauden guztietan.

Osakidetzak adierazi duenez, deialdi honetan ez dute gomendatzen isolamenduan dauden pertsonei txertoa jartzea, covid infekzio aktiboa dutenei edo azken sei hilabeteetan izan dutenei, ezta hemodialisia, tratamendu onkologiko aktiboak edo transplantatuak dituzten pertsonei ere.

Bereziki, diabetesa, hipertentsio arteriala, bihotzeko gutxiegitasuna edo biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa bezalako patologia kronikoetako gaixoei txertoa jartzea gomendatzen dute.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute Osakidetza ari dela harremanetan jartzen talde horiekin hitzordua eskaintzeko. Alde horretatik, eta Euskal Osasun Zerbitzuko profesionalen lana errazte aldera, Osakidetzaren deia itxaroteko eskatzen zaie herritarrei, eta ez deitzeko beren txandari buruz galdetuz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.