Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Positiboek apur bat behera egin dute Nafarroan, baina 150eko langatik gora daude

E. G. | EITB MEDIA

Zehazki, 154 atzeman dituzte. Duela astebete baino 51 gutxiago dira, duela 15 egun baino 31 gehiago.

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoaren frontoian ipinitako txertaketa zentroa.

    Nafarroako Unibertsitate Publikoaren frontoian ipinitako txertaketa zentroa. Argazkia: EFE

Nafarroak 154 kasu atzeman dituzte azken orduetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. 

Zehatz jarrita, atzokoan 1.852 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 1.655 gutxiago) eta horietatik % 8,3 positibo izan ziren. Positibotasun tasa hiru puntu baino gehiago igo da.

Bezperako datuekin alderatuta, apur bat behera egin dute positiboek (-12), baina jaitsiera hori nabarmenagoa da duela astebetekoekin erkatzen baditugu (-51). Dena dela, duela 15 egun baino 31 gehiago dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten gune edo udalerriei dagokienez, denen buru dira Tutera Ekialdea eta Burlata, 12na kutsatzerekin, ondoren dator Iruñeko II. Zabalgunea, zazpi positiborekin.

Nafarroako Gobernuko Osasun Kontseilaritza baheketa egiten ari da gaur Arguedasen eta Urdiainen, bi udalerrietan birusak izan duen igoera kezkagarria dela eta.

Arguedasen 15-29 eta 45-64 urte bitarteko herritarrei egin diete parte hartzeko deia. Probak Miguel Indurain polikiroldegian egingo dituzte.

Urdainen, 15 urtetik gorako herritarrak daude deituta Etxarri Aranatzen frontoian egingo den baheketara.

Bestalde, asteazkenean Lodosan egindako baheketan lau positibo atzeman dituzte. Ia mila bat lagunek (945) hartu zuten parte, hots, deituta zeudenen % 90.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.