Itxi

Gizartea

Europako Kontseiluak Justizian hizkuntza koofizialak erabiltzeko eskatu du

I. G. | EITB MEDIA

Txostenaren arabera, "berehalako gomendio" hori katalanari aplikatu behar zaio Katalunian eta Balearretan, euskarari EAEn eta Nafarroan, galizierari eta valentzierari.

  • EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Epaitegia Bilbon

    EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Epaitegia Bilbon. Irudia: EFE

Eskualdeetako edo gutxuiengo hizkuntzen babesareen Europako Kontseiluko adituen batzordeak Botere Judizialaren Lege Organikoa zuzentzea eskatu dio Espainiari, prozedura judizialetan Estatuko hizkuntza koofizialak erabiltzeko, aldeetako batek hala eskatzen badu.

Espainiako hizkuntzen egoerari buruz 2019an egindako azterketaren jarraipen txostenak "berehalako gomendio" hori nabarmentzen du, katalanari Katalunian eta Balearretan, euskarari EAEn eta Nafarroan, galizierari eta valentzierari aplikatu beharrekoa.

"Epaileek eta gainerako auzitegietako langileek normalean espainiera erabiltzen dute, eta eskualdeko beste hizkuntza ofiziala erabili behar dute, aldeetako batek kontra egiten ez badu", dio dokumentuak.

Gaineratzen duenez, "alderdi batek hizkuntza koofiziala erabiltzen jarraitzen duenean, interpretea erabili ohi da, prozesu osoa hizkuntza horretan egin beharrean".

Hizkuntza koofizialak hitz egiten dituzten funtzionario judizialen kopuruak "ez du gora egin" azken urteotan, beraz, prozedura judizial batean hizkuntza koofizial baten erabilera "mugatua" da oraindik.

Hori dela eta, "Espainiako agintariek euren jarrera aldatu ez izana" deitoratu du Komiteak, eta "berehalako ekintza legegileak hartzeko beharra" errepikatu du.

Halaber, Estatuko administrazioaren barruan hizkuntza koofizialen erabilera sustatzea gomendatzen du, kasuan kasuko autonomia erkidegoetan.

Batzordeak txalotu egin ditu administrazio digitalaren esparruan egindako ahaleginak, "batez ere eskualdeetako hizkuntzetara itzultzeari dagokionez".

Pandemiaren garaian, osasun-krisiaren komunikazioa batez ere gaztelaniaz eta batzuetan ingelesez eta frantsesez egin dela adierazi du, eta informazio digitala katalanez egon dela eskuragarri Katalunian eta euskaraz Euskadin (eta zati batean Nafarroan) nabarmendu du.