Gizartea
Koronabirusa
Nafarroak 121.949 txerto eman ditu, jaso dituen 140.705etatik
agentziak | eitb media
Ia mila pertsonak parte hartu dute Lodosako baheketan, eta lau positibo atzeman dituzte. Ostiral honetan Arguedasen eta Urdianen egingo dute baheketa.
-
Txertaketa Nafarroan. Argazkia: Efe
Nafarroako Osasun Departamentuak covid-19aren aurkako 3.549 txerto eman zituen atzo, eta guztira 121.949 dira eman dituenak, orain arte jaso dituen 140.705etatik. Gainera, 39.907 dira txertaketa prozesua bete eta immunizatuta daudenak.
Bestalde, Osasun Departamentuak, Arguedaseko eta Urdiaingo udalekin elkarlanean, baheketak egingo ditu bi udalerrietan ostiral honetan, hilaren 2an, azken egunotan kasuak ugaritu egin direlako.
Arguedasen 15 eta 29 eta 45 eta 64 urte arteko 870 pertsona daude parte hartzera deituta, eta Miguel Indurain kiroldegian egingo dituzte probak Tuteratik iritsitako profesionalek, 08:00etatik 20:00etara.
Bestalde, Urdiainen 15 urtetik gorako 560 herritar daude jomugan, eta frontoian egingo dituzte probak, 09:00ak eta 19:00ak artean. Kasu horretan Etxarri-Aranazko Lehen Arretako profesionalek egingo dituzte.
Osasun Departamentuaren arabera, jarduketa horiek Osasun Sailaren prebentzio eta esku-hartze komunitarioko estrategiaren parte dira, eta atzo, asteazkena, Lodosan baheketa bat egin zuen inguruko Lehen Mailako Arretako taldeekin eta udalaren eta gizarte-sarearen parte-hartzearekin. Baheketa horretan ia mila pertsonak (945) parte hartu zuten, eta lau positibo izan ziren.