Gizartea
KORONABIRUSA
Positiboek behera egin dute Nafarroan, baina 160ko langatik gora daude oraindik
E. G. | EITB MEDIA
Zehazki, 163 kutsatze atzeman dituzte. Osasunbideak baheketa egingo du gaur Lodosan; izan ere, 12 kasu atzeman zituzten atzo, eta bezperan, 10.
-
Osasun langile bat gizon bati PRC proba egiten. Argazkia: EFE
Hiru egunez gorantz ibili ondoren, behera egin dute positiboek Nafarroan. 163 kasu atzeman dituzte azken orduetan, bezperan baino 23 gutxiago, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.
Zehatz-mehatz, atzo 2.652 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 46 gehiago), eta % 6,1ek eman zuten positibo. Positibo tasa, beraz, ia puntu bat jaitsi da.
Duela astebete baino zortzi gutxiago dira, baina duela 15 egun baino 93 gehiago. Hain justu, azken asteotan pandemiak izan duen bilakaera kezkagarriaren aurrean, Nafarroako Gobernuak murrizketa berriak ezarri zituen, tartean ostalaritzaren barrualdea ixtea. Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzo eman zien oniritzia neurrioi, eta, hala, bihar, apirilaren 1ean, sartuko dira indarrean. Apirilaren 9ra arte mantenduko dira.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerriei dagokienez, Lodosa da denen buru, 12 kutsatze atzeman baitituzte bertan (bezperan, 10). Hain justu, Lizarraldeko herri horretan izandako positiboen gorakadaren aurrean, baheketa egingo du gaur Osasunbideak. 60 urte baino gehiagoko herritarrak daude deituta, 12:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean.
Gainerakoan, Arguedasen 10 kutsatze zenbatu dituzte (baheketa egingo dute hor ere), eta Sarrigurenen eta Tutera Ekialdean, zortzina. Iruñeko Txantrea auzoan zazpi positibo erregistratu dituzte, eta Atarrabian, sei.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 120 pertsona daude ingresatuta covid-19arekin (bezperan baino bat gutxiago), eta horietako 20 daude zainketa intentsiboetako unitatean (bat gutxiago), eta beste bederatzi etxean (bi gutxiago). Gainerako 91k gela arruntetan daude (bi gehiago).