Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Alemaniak 60 urtetik gorakoei soilik emango die AstraZeneca txertoa

N. B. | EITB MEDIA

Hala ere, adin horretatik beherakoei aplikatzeko aukera aurreikusten du, "kasu bakoitzaren banakako ebaluazioa" egin ondoren.

  • AstraZeneca txertoa

    AstraZeneca txertoa. Argazkia: EFE.

Alemaniak 60 urtetik gorakoei soilik emango die AstraZeneca txertoa, Gobernu federalak eta eskualdeko botereek adostu dutenez, bigarren mailako ondorioen eta tronbosi kasuen aurrean.

Neurriak Txertaketa Batzorde Iraunkorraren (Stiko) gomendioari jarraitzen dio, "albo-ondorio arraroei baina larriei buruz dauden datuetan" oinarrituta, baina adin horretatik beherakoei txertoa jartzeko aukera jasotzen du, "kasu bakoitzaren banakako ebaluazioa" egin ondoren.

Erabakia hainbat "Länderrek" 60 urtetik beherakoei txertoa ematea bertan behera utzi ostean hartu dute, eta horren ostean, Angela Merkel kantzilerrak, Jens Spahn Osasun ministroak eta eskualdeko buruzagiek bilera bat deitu dute.

Stiko Birologiako Robert Koch Institutuari (RKI) atxikita dago, eta herrialdean gai horretan eskumena du. Horrek ohartarazi zuen albo-ondorio horiek ager daitezkeela 60 urtetik beherako pertsonei dosi bat eman eta 4-16 egunera.

"Zorionez, nahikoa txerto daude gure esku erabaki hori hartu ahal izateko", adierazi du buruzagi alemaniarrak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.