Gizartea
Coronavirus
Bilboko Casilla eta Gasteizko Txagorritxuko frontoia txertatzeko zentroak izango dira
agencias | eitb media
Bizkaiko hiriburuan proba pilotu batekin hasi dira, eta Arabakoan, txertoen kopuruak gora egiten duenean txertaketarekin hastea espero dute.
-
Bilboko Casilla pabiloia. Argazkia: EITB
Bilboko Casilla pabiloia eta Gasteizko Txagorritxuko pilotalekua txertaketa-zentroak izango dira, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez.
Sailburuak gogorarazi duenez, Osakidetzak "hasieratik" zuen txertaketa-puntuen estrategia, eta, dosien eskuragarritasunaren arabera, zabaldu egin dira, txertaketaren erritmoa azkartzeko. "25 txertaketa-gunerekin hasi ginen, 117 izatera pasa gara, eta orain 150 baino gehiago ditugu, eta gora egiten jarrai lezake kopuruak", azaldu du.
Sagarduik azaldu duenez, adinekoak hurbileko zentroetara joatea da asmoa, hala nola zenbait udalerritan dauden osasun-zentroetara edo karpetara.
65 urte edo gutxiagoko pertsonen kasuan, "leku zentralizatuetan" kontzentratzen saiatuko direla esan du, "txertaketa azkarra eta segurua ahalbidetzeko". Donostiako Illunbe, Bilboko Casilla eta Gasteizko Txagorritxu pilotalekua jarri ditu adibide. Zentro horietan "zonaldeko biztanleak biltzea" da asmoa, berretsi duenez.
Ildo horretan, jakitera eman du Bilboko Casilla pabiloia proba pilotu batekin hasi dela astearte honetan, txertoa jasoko duten pertsonek eta bertan lan egingo duten profesionalek jarraituko dituzten zirkuituak probatzeko.
Txagorritxuko pilotalekuari dagokionez, Sagarduik esan du txertaketa gune horretan hasiko dela "txertoen kopurua handitu eta orain daukagun espazioa handitu behar dugunean".