Gizartea
ZAINTZAREN LEGEAREN ALDAKETA
Emakundek zaintzaren legeak adingabeen babesean arreta jarri behar duela adierazi du
EITB MEDIA
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren ustez, lehentasunezko zaintza partekatuak ez du behar besteko bermerik ematen genero-indarkeria egon daitekeen kasuetan.
-
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordea. Argazkia: Irekia
Emakundek "seme-alaben interes gorena eta babesa zaintzeko" beharra azpimarratu du. Bere ustez, gurasoen banantze edo haustura kasuetan familia-harremanei buruzko legea aldatzea "araua hobetzeko benetako aukera" izan daiteke, "indarkeria kasuetan haurren interes gorena babesteko".
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordearen aurrean, Gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia-harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legearen aldaketari buruz Emakundek duen ikuspegia azaltzeko.
Landaidak azaldu duenez, zaintza partekatua lehentasunezko eredua izatea arrisku handikoa da, izan ere, emakumeen aurkako indarkeria kasuen balorazioan eragin dezake, batez ere salatu ez diren edo epai irmorik ez dagoen kasuetan.
"Lehentasunezko zaintza partekatuak, bere garaian esan genuenez, eta mantentzen dugu, ez du behar besteko bermerik eskaintzen genero-indarkeria kasuetan; aitzitik, aditu askoren ustez, ezarria bada, bikotekidearen eta seme-alaben aurka egiten ari den indarkeria iraunarazten laguntzen du", azpimarratu du.
Erakundeko zuzendariaren ustez, lege-aldaketa "araua hobetzeko benetako aukera" izan daiteke, "indarkeria kasu hauetan haurren interes gorena babesteko".
Landaidak gogorarazi du indarkeria matxista bizi duten seme-alaba adingabeak zuzeneko biktimak direla uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa, haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duena, onartu zenetik, eta, beraz, babestu egin behar direla.
Adierazi duenez, "adituek dagoeneko ohartarazi digute ezarritako zaintza partekatuek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriez", eta, ildo horretan, nabarmendu du instantzia judizialek genero-ikuspegia txertatu behar dutela, indarkeria matxistaren kasuen berezitasunak oso kontuan hartu ahal izateko.
Emakundeko zuzendariak azpimarratu du ezinbestekoa dela epaileei eta gainerako operadore juridikoei genero-ikuspegia duen prestakuntza espezializatua eskaintzea eta eskatzea, egoera horien aurrean erabakitzeko tresna egokiak izan ditzaten.