Gizartea
KORONABIRUSA
Kutsatzeak igo dira EAEn, eta intzidentzia-tasa 300etik gero eta gertuago dago
E. G. | EITB MEDIA
Zehazki, 501 positibo zenbatu dituzte astelehen honetan. Ondorioz, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua ia bost puntu igo da: 100.000 biztanleko 282,45 kasutan dago.
Koronabirusaren intzidentziak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Astelehen honetan, 501 kutsatze berri atzeman dituzte, eta horrek 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua ere igoarazi du: bezperako datuekin alderatuta, ia bost puntuko hazkundea da: 100.000 biztanleko 282,45 kasutan dago, 300eko langatik gertuago.
Duela astebete, 228,32 kasutan zegoen tasa hori, eta duela 15 egun, 200eko langa doi-doi igarota. Gaur-gaurkoz, lurraldeka, horrela dago: Arabak du daturik altuena (356,7), eta ondoren ageri dira Gipuzkoa (273,4) eta Bizkaia (260,7). Lurralde guztietan egin du gora, Arabako hazkundea txikiagoa izan bada ere.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako txosten epidemiologikoaren arabera, atzokoan 8.918 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik % 5,6 positibo izan ziren (501).
Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte kutsatze gehien (222, bezperan baino 39 gehiago), Gipuzkoan 172 zenbatu dituzte (53 gehiago), eta Araban, 97(40 gehiago). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 10 pertsonak ere eman dute positibo.
ZIUetako egoera zertxobait arindu bada ere, bezperan baino bost gaixo larri gutxiago baitaude (80), erietxera eramandako pertsonen kopurua hazi egin da (42 gehiago) eta 66 eri gehiago daude EAEko ospitaleetan.
Bada datu hoberik. Oinarrizko birsorkuntza tasa, hots positibo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen zenbakia, 1,19tik 1,15era jaitsi da. Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen du) 1,14n dago gaur ere.
Herriz herri, Legazpiko datuek okerrera egin dute azken orduetan, eta udalerri gorri bilakatu da. Horrenbestez, 5.000 biztanle baino gehiagoko bederatzi udalerri daude EAEn egoerarik latzenean.
Hiriburuei dagokienez, Gasteizen apalagoa izan da intzidentzia-tasaren igoera eta 371,2 kasutan geratu da 100.000 biztanleko. Bilbon ere hazi da, 350,3raino, eta Donostian 197,3 kasutan dago.