Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

EAEk 362 kasu berri zenbatu ditu eta intzidentzia tasa metatuak gora egin du

E. G. | EITB MEDIA

277,58 kasura igo da azken orduetan. Bestalde, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,19an mantendu da.

1:33
Inzidentzia metatua. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 362 kutsatze berri atzeman zituen atzo, igandearekin, eta aurreko bi egunetan baino gutxiago badira ere (467 eta 592, hurrenez hurren), goranzko bidea eten ezinda jarraitzen du; izan ere, 100.000 biztanleko 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua ia 24 puntu igo da osteguneko datuekin alderatuta (253,7), eta 277,58 kasutan kokatu da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur emandako txosten epidemiologikoaren arabera.

Arabak ditu datu okerrenak, 354,3 kasuko tasa metatuarekin; ondoren datoz Gipuzkoa, 265,6rekin, eta Bizkaia, 257,6rekin.

Oinarrizko birsorkuntza tasa (R0), alegia, positibo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, ez da apenas aldatu eta 1,19an kokatu da. Lurraldeka, Arabak 1,2koari eutsi dio, eta Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin du larunbatetik, hurrenez hurren, 1,1ean eta 1,2an kokatuta. 

Igande honetan, 5.632 proba diagnostiko egin dituzte (3.613 PCR eta 2.019 antigeniko), larunbatean baino gutxiago (8.042). Positibotasun tasa % 5,8tik % 6,4ra igo da, horrenbestez.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien (183, eta bezperan baino hiru gutxiago), Gipuzkoan 119 izan dira (82 gutxiago) eta Araban, 57 (20 gutxiago). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren hiru kasu zenbatu dituzte, bezperan bezainbeste.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 24 pertsona sartu dira gela arruntetan covid-19ak jota (larunbatean baino 18 gutxiago dira), baina ZIUetan 85 gaixo larri dituzte, larunbatean baino hiru gutxiago bakarrik.

Bestalde, tasen arrazoia (14 eguneko intzidentzia-tasa metatua duela astebeteko tasarekin erkatzen duena) apur bat jaitsi da, 1,24an geratuta (larunbatean 1,25ekoa zen).

Zortzi udalerri gorrian

EAEko sei herritan okerrera egin du egoerak asteburuan, eta bi, Urretxu eta Zumarraga, eremu gorrian sartu dira; horrenbestez, zortzi dira gunerik latzenean dauden udalerriak. Era berean, Berango (Bizkaia) eta Legazki, Tolosa eta Usurbil (Gipuzkoa) udalerri hori izatetik laranjara igaro dira azken orduetan.

Dena dela, herriok ez dituzte perimetralki itxiko Jaurlaritzak ebazpen berria atera arte, Aste Santuaren ondotik, apirilaren 6an. Intzidentzia-tasa metatua 400etik gora duten 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak sartuko dituzte orduan.

Hiriburuei dagokienez, Gasteiz eta Bilbo muga horretatik gertu daude, 370,8 eta 345,1 kasurekin, hurrenez hurren. Donostia, berriz, urrun dago, 100.000 biztanleko 191,9 kasurekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.