Gizartea
KORONABIRUSA
Pfizerren eta Modernaren milioi bat dosi iritsiko dira gaur Espainiako Estatura
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
80 urtetik gorako guztiek lehen dosia hartuta izan dezakete 15 egunean. Bestalde, gaur hasi dira EAEko presoak txertatzen.
Astelehenetik, martxoaren 29tik, aurrera, bultzada berri bat eman nahi zaio txertaketari Espainiako Estatu osoan. Carolina Darias Osasun ministroak iragarri duenez, Pfizer-BioNTechen eta Modernaren milioi bat dosi banatuko dituzte lehen aldiz autonomia erkidegoen artean. Orain arte Pfizerren 350.000 dosi inguru banatu dituzte astean.
TVEn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, 80 urtetik gorako pertsonak "bi aste barru" txertatuta izatea espero dute. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du asteburu honetan Iruñeko eta eskualdeko 80 urtetik gorako pertsonak txertatzen jarraitu dutela UPNAko frontoian, eta 1.190 pertsona txertatu dituztela. Martxoaren 30etik (asteartea) apirilaren 2ra (ostirala), beste 2.700 laguni jarriko diete txertoa zentro horretan.
Txertaketa prozesuak agenda hau izango du: astelehena, martxoaren 29a, Elizondo (Baztan pilotalekua) eta Zangotza (frontoia); asteartea, hilaren 30a, Lesaka (Kultur Etxea) eta Tafalla (Kultur Etxea); asteazkena, hilaren 31, Carcastillo (kiroldegia), Irurtzun (kiroldegia) eta Azkoien (Kultur Etxea); osteguna, apirilaren 1a, Zangotza (frontoia); eta ostirala, apirilaren 2a, Altsasu. Guztira 4.428 pertsona txertatuko dituzte.
Tuterako osasun-barrutiari dagokionez, Ablitas, Arguedas, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Cascante, Castejon, Cintruenigo, Corella, Cortes, Fitero, Fustiñana, Milagro, Monteagudo, Murchante, Ribaforada, Valtierra eta Villafrancan bizi diren 80tik gorako 846 pertsonak asteazkenean txertatuko dituzte.
Lizarrako osasun-barrutian, berriz, martxoaren 30 eta 31rako antolatu da 80 urtetik gorakoen txertaketa Allon (udaletxea), Antzinen (frontoia), Lodosan (Kultur Etxea), Los Arcosen (Kultur Etxea), San Adrianen (Gazteriaren Etxea), Vianan (kiroldegia), Villatuertan (kiroldegia), eta Lizarran (musika eskola). 1.374 pertsona txertatuko dituzte bertan, aurreikuspenen arabera.
Jaso dituen 125.645 dosietatik 112.266 jarri ditu orain arte Nafarroako Gobernuak, eta dagoeneko 36.476 lagunek dute jarrita pauta osoa (bi dosiak).
Presoen txertaketa hasi da EAEn
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Osakidetza igande honetan hasi da lurraldeko hiru espetxeetan dauden presoak txertatzen. Hala, 585 txerto jarri dituzte Zaballan, 192 Martutenen eta 137 Basaurin, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Twitterren duen profilean azaldu duenez:
Gaur Euskadiko 3 presondegietan dauden pertsonak txertatzen hasiak dira @osakidetzaEJGV-ko profesionalen eskutik. 585 Zaballan, 192 Martutenen eta 137 Basaurin txerto jarri dira. Zentro soziosanitarioak diren heinean, oso garrantzitsua da kartzeletan normaltasuna berreskuratzeko. pic.twitter.com/h6YLn3rhid
— Denis Itxaso (@DenisItxaso) March 28, 2021
Astelehenetik aurrera, 80 urtetik gorakoen kolektiboarekin jarraituko du Osakidetzak (150.000 pertsona inguru), eta, horiekin batera, 65 urtetik beherako herritarrak sartuko dira txertaketa kanpainan. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteartean jakinarazi zuenez, AstraZenecaren formula erabiliko dute horretarako, eta prozesua immunizatu gabe geratzen diren funtsezko langileen txertaketarekin batera egingo da.
Txertoen etorrera hirukoiztu egingo da apiriletik aurrera
"Apiriletik aurrera asko handituko da txertoen etorrera, ia hirukoiztu egingo da txertoen kopurua", iragarri du Dariasek; izan ere, Pfizer, Moderna eta AstraZeneca etxeen dosiei, laugarren txerto bat gehituko zaie, Janssenena (dosi bakarrekoa). Apirilaren bigarren hamabostaldian iritsiko da.
Aurreikuspenen arabera, txerto horren 300.000 dosi inguru iritsiko dira apirilean, 1,3 milioi maiatzean eta 3,9 milioi ekainean. "Hau da, hiruhileko batean Janssenekin bakarrik bost milioi eta erdi espainiar txertatuko genituzke", azpimarratu du Dariasek.