Gizartea
KORONABIRUSA
592 kutsatze berri atzeman dira EAEn, goranzko joera errealitatea dela jada berretsiz
EITB MEDIA
Atzo 600 kasuko muga gainditu zen, lehen aldiz, otsailaren 13tik. Gaur bezperan baino 12 covid-19 kasu gutxiago izan dira, baina 70 pertsona ospitaleratu dituzte egun bakar batean.
-
Baheketa egin dute aste honetan, ostegun eta ostiralean, Lazkaon. Argazkia: EFE.
Laugarren olatu edo tontor epidemiologikoaren aukera gero eta gertuago dago Euskal Autonomia Erkidegoan. Egunak daramatza kutsatze kopuruak etengabe gora egiten eta gauza bera gertatzen ari da positibotasun tasarekin ere. Ostegunean 604 positibo berri atzeman zituzten (otsailaren 13tik ez zen horrelako daturik) eta atzo beste 592.
Ostiral honetan 10.254 proba diagnostiko egin ziren Osasun Departamentuak jakitera eman duenez, eta % 5,8 positiboak izan ziren.
Lurraldeka, 108 positibo berri atzeman zituzten Araban, 283 Bizkaian, 199 Gipuzkoan eta 2 beste autonomia-erkidego batzuetako edo beste jatorri batzuetako pertsonengan.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 70 pertsona ospitaleratu zituzten atzo covid-19arekin, azken egunetan baino askoz ere pertsona gehiago. Gaur egun 86 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan arrazoi honegatik.
Udalerriei buruzko, R0 indizeari buruzko eta 100.000 biztanleko positibotasun-tasari buruzko informazioa ez da astelehenera arte eguneratuko.
19 udalerri konfinatuko dituzte astelehenetik aurrera EAEn
Eusko Jaurlaritzak Aste Santurako hartutako neurri murriztaile berriak 19 udalerritan egongo dira indarrean, astelehenetik aurrera. Udalerri horien perimetroak itxita egongo dira eta ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztuta izango dute.
Nafarroan ere goranzkoa da joera
Laugarren olatuak ate joka jarraitzen du Nafarroan, azken orduetan beste 155 koronabirus kasu atzeman ostean, Foru Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Bezperan baino 46 kasu gutxiago izan arren (205), duela astebete (100) edo duela bi (51) atzemandakoak baino dezente gehiago dira.
Zehazki, 2.598 proba diagnostiko egin ziren atzo, eta horietatik % 6k positibo eman zuten. Positibotasun tasa ia bi puntu eta erdi jaitsi da bezperatik ( % 8,5).