Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

155 positibok eta % 6ko tasak agerian uzten dute Nafarroa ere goranzko joeran dela

EITB MEDIA

Bezperan baino 50 kasu gutxiago izanagatik, aurreko asteetan egunero atzemandako kopuruak bikoizten ari dira Foru Erkidegoan.

  • Osasun langileak, materiala prestatzen, Nafarroan.

    Osasun langileak, materiala prestatzen, Nafarroan. Argazkia: EFE

Laugarren olatuak ate joka jarraitzen du Nafarroan, azken orduetan beste 155 koronabirus kasu atzeman ostean, Foru Gobernuaren datuen arabera. Bezperan baino 50 kasu gutxiago izan arren (205), duela astebete (100) edo duela bi (51) atzemandakoak baino dezente gehiago dira.

Zehazki, 2.598 proba diagnostiko egin ziren atzo (1.404 PCR eta 1.194 antigeno test) , eta horietatik % 6k positibo eman zuten. Positibotasun tasa ia bi puntu eta erdi jaitsi da bezperatik ( % 8,5).

Zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean atzeman dira kasu positibo berrien % 62 detektatu ziren, Tuteran % 13, Lizarran % 7 eta gainerako % 18ak Nafarroako beste zonalde batzuetan izan dira.

Atzo 91 gaixo zeuden Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan covid-19a dela eta. Sei pertsona ospitaleratuta zituzten, horietako lau ZIUn. Une honetan 21 lagun daude zaintza intentsiboetako unitateetan.

Gainera, 69 urteko gizon bat hil zen atzo.

Bestalde, ostiral honetan sartu dira indarrean Aste Santurako murrizketak eta apirilaren 9ra arte egongo dira indarrean. Etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara izango da, eta erkidegoa itxita egongo da. Taberna eta jatetxeen barrualdea itxita egongo da eta merkataritza saltokietako gehienezko edukiera murriztuko dute.

Datu txarrak EAEn ere

Laugarren olatu edo tontor epidemiologikoaren aukera gero eta gertuago dago Euskal Autonomia Erkidegoan. Egunak daramatza kutsatze kopuruak etengabe gora egiten eta gauza bera gertatzen ari da positibotasun tasarekin ere. Ostegunean 604 positibo berri atzeman zituzten (otsailaren 13tik ez zen horrelako daturik) eta atzo beste 592.

Ostiral honetan 10.254 proba diagnostiko egin ziren Osasun Departamentuak jakitera eman duenez, eta % 5,8 positiboak izan ziren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.