Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Euskadik 600 positibotik gora atzeman ditu azken orduetan

N. B. | EITB MEDIA

Pandemiaren bilakaeraren adierazle guztiak gorriz daude ostiral honetan eta goranzko bilakaera dute. Birsorkuntza-indizea 1,15era igo da, eta 14 eguneko intzidentzia metatuak 10 puntu gehitu ditu.

1:19
Jendea PCR proba egiteko zain

Euskadiko egoerak okerrera egiten jarraitzen du, pandemiaren bilakaeraren adierazle guztiak gorriz baitaude, eta azken orduetan 604 positibo berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 75 kasu gehiago.

Atzo 10.040 proba diagnostiko egin zituzten, aurreko egunean egindako 9.973 proben gainetik, eta positibotasun tasa % 5,3tik % 6ra igo da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera.

604 kutsaduretatik 293 (239 egun bat lehenago) Bizkaian detektatu zituzten, 199 (151 aurreko egunean) Gipuzkoan, 104 (136 asteazkenean) Araban eta zortzi Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Azken datu horiekin, hamalau eguneko epean covidaren intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du Euskadin, eta hamar puntu igo da 253,76raino. Indize horrek gorakadarik handiena izan du hilaren erdialdetik, joera aldatu zenetik.

Hiriburuen artean, Gasteizen 341 kasu daude pilatuta, eta, beraz, 400dik gertu daude; egoera horretan, Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan berretsi behar duen proposamenaren arabera, murrizketa gehiago izango ditu, hala nola perimetroaren itxiera.

Bilbok 326,4 kasu ditu eta Donostiak 160,6 kasu 100.000 biztanleko.

 

Txarra da, halaber, birsorkuntza-tasaren bilakaera; izan ere, covida duen gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten duenak, berriz ere gora egin du, eta 1,15ean dago.

Gainera, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) hazten jarraitzen du, eta 1,17an dago Euskadi osoan (1,16 zen ostegunean).

Bigarren egunez jarraian, zainketa intentsiboetako unitateetan dauden gaixoen kopuruak gora egin du: lau gehiago dira (87 guztira). Hala ere, presio asistentzial orokorra jaitsi egin da; izan ere, ospitaleratutakoak 241 izatetik 227 izatera pasa dira ostegun honetan, egun horretan 37 pertsona ospitaleratu baitzituzten (bezperan baino 10 gutxiago).

Kutsadurek gora egin dute ikastetxeetan ere; Hezkuntza Sailak ostiral honetan jakinarazi duenez, 71 gela itxi baitituzte, atzo baino 13 gehiago 46 ikastetxetan, bezperan baino sei gehiago.

Ez dago ikastetxerik aurrez aurreko jarduera erabat eten duenik, eta koronabirus kasuengatik itxitako eskolen ehunekoa % 0,40 da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.